Ikastolako garbitzaileek jasotako irainak gaitzetsi dituzte Mendaroko Udalak eta Arno Guraso Elkarteak

Barren.eus 2021ko eka. 30a, 09:16

Mendaroko Ikastolako garbitzaileek jaso dituzten irainak, haien kontrako pintaketak eta bazterrak zikindu eta langileei propio lan gehiago eman nahi izana gaitzetsi dute Mendaroko Udalak eta Arno Guraso Elkarteak.

Udaletik herritarrei arduraz eta errespetuz jokatzeko eskatu diete guztienak diren zerbitzu eta azpiegiturekin, bai eta horiek behar bezala egon daitezen lan egiten duten pertsonekin ere. "Mendaro errespetuan oinarritutako herria da, eta gizalegez jokatu behar dugu, urkoa, langileak eta gure erakunde zein eragileak errespetatuz. Ardura eta errespetua, mesedez, gure bizitza errazagoa izateko lanean dihardutenei".

Arno Guraso Elkarteak ere txarretsi ditu erasook eta babesa eta elkartasuna agertu diete iraindutako emakume langileei. "Era honetako erasoak onartezinak dira, lekuz kanpokoak guztiz, eta Mendaroko guraso elkartetik babesa agertu nahi diegu gure hezkuntzako komunitateko parte diren emakume langile hauei. Elkarrekiko errespetuan bizi gaitezen".