Nualak bat egin du Bizipoza gizartegintza egitasmoarekin, eta dokumental bat sortu dute

Barren.eus 2021ko eka. 29a, 13:16

Bizipoza irabazi asmorik gabeko gizartegintza egitasmoa da, eta 35 elkartez osatuta dago, guztiak izaera bereziko gaiak lantzen dituzten elkarteak, haurren eta familien ongizatea helburu dutenak. Elgoibarko Nuala Elkartea da egitasmora batu den azken elkarteetako bat, eta egiten duten lanaren berri emateko dokumental labur bat sortu dute elkarlanean.

Nuala Elkartetik jakinarazi dutenez, Bizipoza egitasmoan parte hartzen ari diren gainerako elkarterekin saretuta egoteko asmotan egin dute bat aurten Bizipozarekin.

Bizipoza egitasmoak izaera bereziko gaiak lantzen dituzten haur eta familien ongizatea helburu duten elkarteei laguntza afektiboa eta materiala eskaintzea du xede, euren berbetan. Elkarte, haur eta familia horiek transmititzen dituzten baloreak jasoaz aberastu, hezi eta gizarteratzea. "Bizipozak bizipoza du misio: hainbat zailtasun bizi dituzten familiekin eta elkarteekin batera poza partekatzea, euskaraz eta sorkuntzatik. Elkarte guzti hauek transmititzen dituzten baloreak gizarteratzea da poztasunaren misioa".
Mikro dokumental bat izan da Nualak eta Bizipozak hasi duten elkarlanaren lehen emaitzetako bat. Nualako kideek dituzten beharrez eta etorkizuneako asmoez berba egiten dute lan honetan. Aniztasun funtzionala edo gaitasunen aniztasuna duten pertsona eta lagunek osatzen dute Nuala, irabazi asmorik gabeko elkartea. "Gure helburua pertsona hauen ikuspena eta ongizatea bermatzea da. Inklusioa aktiboki promozionatu nahi dugu gizatean. Gure seme-alaben gaitasunetan sinisten dugu eta zuekin partekatu nahi ditugu".

Besteak beste, orain arte itxita zituzten ateak irekitzeko egin duten lanaz berba egiten dute dokumentalean. "Aisialdiaz gozatzeko aukera oso gutxi zuten lehen gure seme-alabek. Orain, gauza gehiago egin ditzakete, igeriketa adibidez, eta bizi kalitatea apur bat hobeagoa izateaz gainera, gehiago ezagutzen gaituzte herritarrek, ikusten gaituztelako". Era berean, euren haurren etorkizunaren inguruan dituzten kezkak ere plazaratzen dituzte, hala nola, pisu tutelatuak eta eguneko zentroak edukitzeko beharraz dihardute, eta baita aisialdirako profesionak izateko beharraz ere. Nuala sortzeak bertako kideei ekarri dizkien onurak ere hizpide dituzte, "beharrezkoa zen elkartea sortzea, elkarrekin askatasunez hitz egiteko, eta bakarrik ez gaudela ikusteko". Ildo horretan, elkartearekin harremanetan jartzeko nualaelkartea@gmail.con helbidera idazteaekin nahikoa dela gogoratu dute.

Hona hemen mikro dokumentala:

Bizipozara batu diren elkarteen dokuweb guztiak honako loturan ikus ditzakezue: http://elkarteak.bizipoza.eus