Udalbatzarreko alderdi guztietako ordezkariek hartu dute parte Memoriaren Eguneko elkarretaratzean

Barren.eus 2015ko aza. 10a, 15:14

Biktimak gogoratzeko eguna da gaur, azaroak 10, eta "biktimei zor zaien egia, justizia eta erreparazioa" eskatzeko adierazpena kaleratu du Elgoibarko Udalak. Era berean, biktimen senide, udal ordezkariek eta hainbat herritarrek elkarreteratzea egin dute. (argazkiak eta bideoa dauzka)

Memoriaren Eguna dela-eta, Elgoibarko Udalbatzarra osatzen duten alderdi guztietako (EAJ, EHBildu eta PSE-EE) ordezkariak biktimen senideekin batera gerturatuko dira, eguerdian, Giza Eskubideen parkeko Gernikako Arbola ondora. Ane Beitia alkateak lora sorta bat laga du arbolapean eta biktima guztiak gogoratzeko minutu bateko isilunea egin dute gero. Ondoren, gaurko egunerako adostutako adierazpen instituzionala jendaurrean irakurri dute. EHBilduko bozeramaile Jose Luis Ibartzabal irakurri du euskaraz eta PSE-EEko Nerea Alustizak gazteleraz. Horren ostean, ekitaldian parte hartzera etorri diren biktimen senideei Gernikako Arbolaren kimu original bana oparitu diete. Angel Berazadi Uribe, Ramon Baglietto Martinez, Jaime Arrese Arizmendiarrieta eta Francisco Javier Zabaleta Aizpitarteren senideak izan dira ekitaldian. 

Iñigo Urkullu lehendaria Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 128 udaletako alkateekin bildu zen joan den irailean, tartean Elgoibarko alkate Ane Beitiarekin.

Euskal kasuan izandako bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen argazkiak, herriz herri (1960-2015) izeneko txostena banatu zien Urkulluk alkateei, alkate bakoitzak jakin zezan indarkeriak eragindako zein biktima izan dituen herrian. Dokumentuaren ale bana ere jaso zuten. Jaurlaritzaren zerrendan zortzi biktima daude Elgoibarren.

Hona hemen Memoriaren Egunerako Elgoibarko Udalak adostutako adierazpen instituzionala:

  • Giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktima guztiei zor dizkiegu egia, justizia eta gertatutakoa ez errepikatzeko bermea. Egindako mina aitortuz eta giza duintasunaren, pertsonen eta pertsonei dagozkien giza eskubideen errespetua beste edozein kausa edo ideia politikoren gainetik, baita Estatu arrazoiaren gainetik ere, dagoela onartuz, etorkizunean, bakea eta bizikidetza eraikitzeko beharrezkoak diren oinarri sendoak jarriko ditugu. Eta guztion artean eraiki behar ditugu oinarri horiek, ez baitago inor sobera. Horregatik, gure herrian, “Elgoibar, bakea eraikitzen” ekimenaren bitartez eta herritarren partaidetza oinarritzat harturik, bakean, giza-eskubideen kulturan eta elkarrenganako errespetuan eta onespenean oinarritutako bizikidetza sustatzeko konpromisoa hartu dugu.

2015eko azaroaren 10a - Memoriaren Eguna

2015 11 10 memoriaren eguna

2015 11 10 memoriaren eguna1

2015 11 10 memoriaren eguna lore eskaintza

2015 11 10 memoriaren eguna oroigarria

2015 11 10 memoriaren eguna oroigarria2

2015 11 10 memoriaren eguna guztiak