Emakumeen eta haien seme-alaben aurka egiten den indarkeria salatzeko elkarretaratzea egin dute

Barren.eus 2021ko eka. 14a, 19:39

Ekimena bereziki indarkeria bikarioaren "ankerkeriarik handiena" salatzeko izan da, Tenerifeko Anna eta Olivia Gimeno neskatoen hilketa eta desagertzea.

Eudelek emakumeen eta haien seme-alaben aurka egiten den indarkeria salatzeko deitutako elkarretaratzearekin bat egin du Elgoibarko Udalak, eta bost minutuko kontzentrazioa egin dute 19:30ean, Kalegoen plazan.

Mugimendu feministak deituta, joan den astean Espainiako Estatu osoan egin zituzten mobilizazioak aurreko asteetan gertaturiko erailketa matxistak salatzeko. Maiatzaren 9an alarma egoera bertan behera geratu zenetik hona jazo dira estatuan urteko erailketa matxisten erdia baino gehiago. Azken kasua izan da entzutetsuenetako bat, Tenerifeko ahizpena.
Eudelek gaurko deitutako elkarretaratzeak Emakumeen eta haien seme-alaben aurka egiten den indarkeria salatzeko izan da, indarkeria bikarioa "ankerkeriarik handiena" dela ohartarazi baitu Euskadiko Udalen Elkarteak. Adituen arabera, emakume baten aurka erabili daitekeen indarkeria bortitzena da indarkeria bikarioa. Seme-alabak instrumentalizatu egiten dituzte, eta horretarako deshumanizatu", diote.

 Hona Eudelek zabaldu duen gaitzespen mezua:
Eudelek elkartasuna adierazi die familiari eta hurbileko pertsonei, bai eta indarkeria matxistaren biktima guztiei ere, eta estatuko ekimenarekin bat egiteko gonbita egin die EAEko udalei.

Eudelek gogorarazten du heriotzek emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da. Emakumeenganako indarkeria (bikarioa, psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala) emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.

2021 06 14 elkarretaratzea elgoibar eudel tenerife barren

2021 06 14 elkarretaratzea tenerife eudel elgoibar l barren