Elkarretaratzera deitu dute Tenerifeko gertakaria salatzeko

Barren.eus 2021ko eka. 14a, 15:09

Joan den apirilaren 27an bere bi alabekin desagertu zen Tomas Gimeno, eta emazte ohiari esan zion ez zituela alabak berriro ikusiko, ezta bera ere. Oliviaren, sei urteko umearen, hilotza poltsa batean aurkitu zuten ekainaren 10ean, itsas hondoan, aingura bati lotuta. Anna ahizpa txikiak, berriz, desagertuta segitzen du. Eudelek elkarreratzeak deitu ditu eta Elgoibarko Udalak bat egin du deialdiarekin.

 

Elgoibarko Udalak bat egin du Eudelek, Euskadiko Udalen Elkarteak, "Anna eta Olivia txikien gertaera krudelak" gaitzesteko antolatu dituen elkarretaratzeko deiarekin. Hala, gaur, ekainak 14, elkarretaratzea egingo dute Kalegoen plazan, 19:30ean.

Hona Eudelek zabaldu duen gaitzespen mezua:
Eudelek elkartasuna adierazi die familiari eta hurbileko pertsonei, bai eta indarkeria matxistaren biktima guztiei ere, eta estatuko ekimenarekin bat egiteko gonbita egin die EAEko udalei.

Eudelek gogorarazten du heriotzek emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da. Emakumeenganako indarkeria (bikarioa, psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala) emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.

 

Autopsiak jakinarazi du biriketako edema baten ondorioz hil zela Olivia Gimeno, aitak bahitu ostean Tenerifero uretan hilik aurkitu zuten sei urteko umea. Hipotesi nagusia da aitak bi ahizpak etxean hil zituela. (informazio osoagoa eitb.eus)