Hassan El Boujddaini: “Aukera bat emateko eskatzen diot jendeari”

Barren.eus 2021ko eka. 11a, 11:52

10 bat urte zituela hil zitzaion aita, eta 15 urterekin, Europara abiatu zen, ama eta bi arreba utzita. Bizimodu hobea nahi zuen etxekoentzat, eta Europan zuen itxaropena jarrita, baina ez zuen errazik topatu hemen. Etorkin adingabeentzako zentroak ezagutu ditu, aterpetxeak ere bai eta kalean bizitzea zer den ere badaki.

Babesik gabe, arbuiatuta eta estigmatizatuta bizi izan da denbora luzez, dokumentuak berritzeko presio etengabean. Azkeneko bi urteak, baina, Kolore Guztiak erakundeak Mendaron duen etxebizitza batean eman ditu, beste lau lagunekin batera [Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako departamentuarekin hitzarmena egina du Kolore Guztiak-ek], eta gaur, alokairuan bizi da. Astero biltzen da hezitzailearekin jarraipena egiteko, eta aldi baterako, Mendaroko udaletxeko brigadan ari da lanean. Lasaitasuna topatu duela dio, baina iragana pisua zaio aurrea egiten jarraitzeko. Elkarrizketara, Kolore Guztiak-eko hezitzaile batekin agertu da, Amaia Garaterekin. Ez du inoren beharrik komunikatzeko, baina “babesa” ematen dio laguna alboan izateak.

 • Nondarra zara?
Hassan: Maroko iparraldekoa naiz, Nador ingurukoa, Rif eskualdekoa. Zuentzat Euskal Herria Espainian dena da niretzat Rif Marokon eta riftartzat daukat neure burua. Marokon arabiera da hizkuntza ofiziala, baina guk geure hizkuntza daukagu: berberea. Duela 7 urte irten nintzen ni Marokotik, bakarrik. 15 urte nituen. Melillara iritsi nahi nuen, adingabeentzako zentrora, han paperak zuzenduko zizkidaten itxaropenarekin penintsulara sartzeko.

 • Zerk bultzatu zintuen sorterria uztera?
Hassan: Beharrak. 10 urte nituela hil zitzaigun aita, eta ama eta hiru neba-arreba ginen gu etxean, bi arreba eta ni [aurrez arreba bat hil zitzaion]. Egoera zailean geunden. Erabaki nuen zerbait egin behar nuela amari eta arrebei laguntzeko.

 • Lortu zenuen Melillara iristea, bidai luzeago baterako abiapuntura. Zer topatu zenuen han?
Hassan: La Purisiman sartu ninduten, adingabeentzako zentroan. Hala esaten diote, adingabeentzako zentroa, baina izatez, han ez dago ezer onik eta kartzela baten itxura handiagoa du. Sekula ez naiz kartzelan egon, baina halako zerbait izango dela imaginatzen dut. Ehunka gazte geunden han pilatuta, eta orain ere, hala omen dago zentroa, gainezka. 1.500 bat gazte izango direla entzun dut. Han sartzen garenean dokumentatu egiten gaituzte eta Melillako administrazioaren tutorepeko izatera pasatzen gara, baina 16 urte baino gehiagorekin iristen direnekin ez dute betetzen batzuetan. [Espainia behartuta dago adingabeak artatzera, dokumentazioa ematera, eskolaratzera, eta, adindunak direnean, 18 urte betetzen dituztenean, bizileku baimena ematera]. Tutorepean egonez gero, beharbada, aukera gehiago daukazu bizileku baimena lortzeko, baina ez dute hain erraz ematen. Ni sartu nintzenean batzuek lortu zituzten dokumentuak zentroan lau bat hilabete eginda, baina orain, gutxienez bederatzi hilabete egin behar ei dira han. Aldatu egiten dituzte legeak. Gazte asko saiatzen dira gauez zentro hartatik ihes egiten, bizileku-paperen zain egoteaz aspertuta.

 • Zeu ere bai?
Hassan: Bai, neu ere saiatu nintzen han urtebete egin ondoren. Ahalegindu nintzen kamioiren baten azpian sartuta edo olanean ezkutatuta gora [penintsulara] egiten, bai eta igerian egin, itsasontzi batera gerturatu eta soketatik gora igotzen ere. Arrisku handia hartu behar da, baina etsita nengoen, eta hainbat aldiz ahalegindu nintzen urtebete inguruan. Gaua zentroan ematen nuen nik beti, gauetan pasatzen zirelako hezitzaileak han ote geunden zenbatzera, eta ez zeudenak zigortu egiten zituztelako. 22:00etan ixten dute zentroa eta han egon beharra dago ordurako. Gauez ihes egitea, baina, errazagoa da, besteak beste itsasontzi gehiago ere irteten direlako kaitik, eta horregatik ahalegintzen ziren gehienak gauez alde egiten, zentrora itzuli gabe. Ni ez; ni gauero han egon nintzen eta saiakera guztiak egunez egin nituen, ez nuelako nahi portaera okerrengatik paperik gabe gelditzerik. Eta asmatu nuen nonbait, eskuratu nituelako azkenean paperak.

 • Kartzelak halakoak irudikatzen dituzula diozu. Nolakoa da egun bat La Purisiman?
Hassan: Oso gogorra da. Gainezka dago, tirabirak sortzen dira, eta horregatik ere, gazte askok alde egin eta kalean bukatzen dute. Han, ez dute nahikoa baliabide hartzen duten jende kopuruari erantzuteko. Hara iristen garen guztiok penintsulara iritsi nahi dugu, baina inork ez gaitu nahi. Etxekoen ardura ere banuen, eta zer esanik ez haien falta. Ezin nuen nik nahi bestetan hitz egin amarekin eta arrebekin eta gogorra da. Ia hamar hilabete egin nituen han. Jaten ematen ziguten.

 • Paperak eskuratu zenituen. Eta gero, zer?
Hassan: Paperak eskuratu bezain laster, etxera itzuli nintzen, agurtzera. Hilabete egin nuen etxekoekin eta Malagara (Espainia) joan nintzen gero. Etorkinentzako zentro guztiak beteta zeuden hara iritsi nintzenean, eta kalean igaro nituen bi hilabete inguru. Hondartzan egiten nuen lo batzuetan, eta parkeren batean besteetan. Baina, tira, Malagan bero egiten du, eta ondo-edo. 18 urte beteak nituen ordurako, eta adinez nagusi egiten zarenean, egoera zaildu egiten da. Ez daude hainbeste aukera. Aterpetxe baterako itxaron zerrendan eman nuen izena. Kontuak eramaten zituen gizona marokoarra zen, Nordin izeneko bat. Hark esaten zigun noiz sartu gintezkeen edo zenbat itxaron behar genuen. Lo egiteko lekua eta jana eskaintzen ziguten han. Handik Madrilera jo nuen gero. Hiru bat hilabete pasa egin nituen Madrilen kalean bizitzen, eta gero, San Juan de Diós aterpetxetik deitu zidaten. Ez nengoen ondo. Paperak berritu beharra neukan eta presio horrekin bizi nintzen gau eta egun. Gogorrena hori da. Ikustea paperik gabe gelditu behar duzula eta ezer ez daukazula: ez lanik, ez bizilekurik, ez lagunduko dizun inor. Oso gogorra da. Kalean ezin duzu lo lasai egin, beti zaude beldurrez. Inork ez gaitu gertu nahi eta Polizia, berriz, beti daukagu atzetik. Txatarra batu eta saltzen jardun nintzen, ahal nuen moduan, baina batzuetan ikusten ninduen Poliziak eta dena kentzen zidan. Datozela konturatuz gero, dena dagoen lekuan utzi eta ihes egin behar izaten da, harrapatuz gero isuna jartzen digutelako. Aterpetxetik deitu zidatenean, hilabete inguru egin nuen gauetan hara joaten lotara.

 • Lagunik egin zenuen bidean?
Hassan: Madrilera artekoan ez nuen nik laguntza handirik jaso. Kalean ere bakarrik nengoen. Bazeuden marokoarrak, baina ez nuen inor ezagutzen, eta kalean eguna luzea da, are gehiago bakarrik zaudenean. Madril erdialdean bizi izan nintzen ni, baina inguru horretan ez nuen ikusi kalean bizi zen besterik. Gehienak zubiak dauden auzoetan biltzen dira, baina ni beldur nintzen. Mesfidantza handia ere sortzen da kalean, eta nahiago nuen nire auzoan gelditu. Parke zabalak zeuden eta arbolapetan babesten nintzen gauetan, Madrilen hotz egiten duelako. Txatarra saltzera Atocha aldera joaten nintzen eta han bai, han jende asko bizi da kalean.

 • Nola bizirauten da kalean?
Hassan: Oso gaizki, eta hain gazte zarela, okerrago nik uste. Estorbuan zaudela sentitzen duzu, inork ez zaituela nahi, eta zaila da. Ikasten duzu umeei edo gaztetxoei bakarrik galdetu diezaikezula kaleren baten bila-edo zabiltzanean, adin batetik aurrerako jendeak ikusi ere ez zaituelako egiten. Ematen du inork ez daukala astirik guri erantzuteko, baina hori baino gehiago da.

 • Eta Madrilditik Burgosera gero. Nolatan?
Hassan: Gutxi falta zitzaidan paperik gabe gelditzeko, eta Burgosera igo nintzen, bai, lagun batek aholkatuta. Burgos oso hotza da, eta preparatuago dago kalean bizi den jendea hartzeko. Normalean ez dute inor kalean uzten eta ni harrera etxe batean sartu ninduten, Atalaya Intercultural erakundearen etxe batean. Han, ondo. Ikasteko aukera eman zidaten eta hainbat ikastaro egin nituen: Zamalari ikastaroa, soldadurakoa... Era berean, lanean ere jardun nintzen, uzta biltzen, eta ezagunak ere egin nituen etxe hartan. Zortzi bat hilabete egin nituen, baina hor neukan beste kontua: paperak berritu behar hori. Hilabete gelditzen zitzaidan paperik gabe gelditzeko eta nirekin Melillan egondako gazte bati deitu nion aholku eske. Hark esan zidan Donostiara etortzeko.

 • Donostia ez zen, baina, espero zenuena izan, ala?
Hassan: Esan zidan Donostian izango nuela paperak berritzerik, baina kalean bizi beharko nuela aldi batez. Jakinaren gainean nentorren beraz. Ez zen gauza berria niretzat, eta etorri nintzen honuntz. Donostiara iritsi nintzenean, baina, dena kolapsatuta zegoen, eta uste baino denbora gehiago eman behar izan nuen kalean, etxe guztiak etorkin adingabez beteta zeudelako. Urtebete baino gehiago egin nuen kalean. Gauetan, Intxaurrondoko zubipera erretiratzen nintzen, beste hogei bat gazterekin. Melillan ezagututako asko topatu ditut hemen, eta haietako batek eraman ninduen Intxaurrondora ere. Zubipe horretan bost bat hilabete egin nituen. Goizean, eguna argitzeaz batera, 06:00ak aldera, bost-sei polizia etortzen zitzaizkigun egunero, handik alde egiteko eskatzen, eta gauetan itzultzen ziren beste bost bat, egunez non eta zertan ibili ginen galdezka, eta zerbait egin ote genuen egiaztatu nahian. Eta aitortu behar dut egin ditudala egin behar ez nituenak ere, eta damu naiz, jakina, baina biziraun nahiak eraman nau egin nahi ez nituenak egitera. Biziraun nahiak eta droga behar izateak ere bai. Kalean bizi direnen artean droga kontsumoa oso zabaldua dago. Ez dago ondo, baina drogak laguntzen du bizi duzuna ahazteko. Edo ez, baina aldi batez, harrapatzen gaitu. Eta orain, ordaindu beharko dut horren ordaina, jakina. Epaiketa izango dut laster, eta prest nago egindako kaltea ordaintzeko, baina ezin dut ukatu mina ematen didanik. Mina gure amak sekulako disgustua hartuko duelako, oso sentikorra baita, eta mina, azkeneko bi urtean nire bizitzak beste bide bat hartu duelako. Orain, ondo nago, azkeneko bi urtean ez dut drogarik kontsumitu, garbi nago, lana daukat, baina iraganeko kontuak ari zaizkit agertzen.
Amaia: Amorragarria da guretzat ere. Ikusten duzu zelako ahalegina egin duen Hassanek aurrera egiteko, eta orain hau... Kalean bizitzea zer den ez dakienari kosta egingo zaio ulertzea, baina egoerak behartu du egin behar ez lituzkeen gauzak egitera. Ezagutzen dugu Hassan, mutil ona da, eta horregatik da hau guztia etsigarria.

2021 06 11 Hassan El Boujddaini mendaro barren elkarrizketa 2

 • Zerk aldatu zizun gero bizitza?
Hassan: Urtebete pasatxo neraban kalean, eta Kolore Guztiaketik deitu zidaten, elkarrizketa baterako. Duela bi urte inguru izan zen hori. [Bazterketa egoeran dauden gazteekin edota kalean bizi direnekin lan egiten du Kolore Guztiak erakundeak]. Antiguoko etxe batean lekua zutela esan zidaten, baina nik alde egin nahi nuen Donostiako infernutik eta galdetu nien ia aparterago ez zeukaten beste lekurik. Mendaroko etxea aipatu zidaten. Nik ez nekien non zegoen ere Mendaro, baina baietza eman nien berehala.
Amaia: Normalean, inork ez du nahi izaten Mendarora etortzerik, hiri handien bueltan aukera gehiago izango dutela uste dutelako, baina Hassanek berak eskatu zigun hona etortzea.

 • Noiz iritsi zinen Mendarora eta zer topatu zenuen hemen?
Hassan: 2019ko maiatzean sartu nintzen Kolore Guztiak-ek Garagartzan duen etxera. Beste lau lagunekin bizi izan naiz hor urtebete eta hamaika hilabetez. Lasaigarri bat izan da Mendarora etorri izana, eta asko lagundu dit herri honek. Donostian gelditu izan banintz, gaur beste egoera batean nengoke seguru. Ziurrenik jarraituko nuen drogak kontsumitzen, eta Poliziak jazartuta. Berdin da zerbait egin duzun edo ez; ezagutzen gaituzte eta beti geldituko gaituzte. Orain, joan ere ez naiz egiten Donostiara, derrigorra ez bada. Gela bat alokatu diot mutil bati eta pozik bizi naiz, Azpilgoetan. Brigadan ari naiz lanean eta oso gustura nago nire lankide Jose eta Josebarekin. Asko ari naiz ikasten, euskara ere bai pixkat, eta izugarri laguntzen didate. Asko eskertzen diet.

2021 06 11 hassan El Boujddaini mendaro elk barren zubian1