Gizartea

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

2021 06 10 gaurgeroaduintasuna elgoibar gutuna arartekoari donostiaElgoibarko pentsiodunen mugimenduak eta Gaurgeroa Duintasunak atxikimenduak bildu dituzte Elgoibarko eragile sindikal eta sozialekin, Arartekoari anbulatorioaren ordutegia luzatzeko erreklamazioa helarazteko.

Martxoaren 1ean Kalegoen plazan egindako batzarrean hartu zuten erabakia, gehiengoz. Aste honetan eraman dute udalerriko zenbait eragilek sinatutako gutuna Arartekoak Donostian duen bulegora. Idatzi horretan, Osakidetzaren aurrean esku hartzeko eskatu diote Arartekoari, "Elgoibarko anbulatorioan 24 orduko zerbitzua berreskuratzeko". Pentsiodunen mugimenduak sustatutako ekimen honek hainbat eragileren babesa izan du: Elgoibarko Pentsiodunen Mugimendua, Txankakua merkatarien elkartea, Nagusilan-Adin Nagusien Giza Boluntariotza, Duintasuna-Gaurgeroa Elkartea, Jubilatu eta pentsiodunen Elkartea, Gipuzkoako Senideak, ELA eta LAB sindikatuak eta San Lazaro egoitzako langileak.

Sinatzaileek azpimarratu dute anbulategiko ordutegia lehengora bueltatzeko ahaleginean gelditzen zaien "azken baliabidea edo errekurtsoa" dela honakoa. Gogorarazi dute, larrialdi-zerbitzua kendu zaienez, 17:00etatik aurrera medikuarengana joan behar duten elgoibartarrek Eibarrera edo Mendaroko ospitalera joan behar dutela, eta ostiralean 17:00etatik asteleheneko 8:00etara bitartean udalerrian ez dagoela osasun-zerbitzurik. "Duela urte batzuk larrialdietako zerbitzua zegoen 24:00ak arte, astebarruan zein asteburuan. Gero, baina, 20:00etara murriztu zuten zerbitzu hori, eta gaur egun 17:00ak arte ematen dute zerbitzua, eta ordu horretan ixten da anbulatorioa", azaldu dute.
Ildo horretan, Arartekoan aurkeztu duten gutunean Elgoibarko Udalean aurkeztutako mozioaren berri eman dutela argitu dute, non udal taldeei eskatu zieten Osakidetzari galdegin ziezaiola 24:00ak arteko zerbitzua ematea. "Gobernu taldeak kontramozio bat aurkeztu zuen gurea baztertzeko, esanez udak beti murrizten dituela ordutegiak eta uda igaro ondoren aurreko egoerara itzuliko zela".
Era berean, eragile sinatzaileek Arartekoaren aurrean azpimarratu dute Elgoibarko bizilagunek 1.000 erreklamazio-orri baino gehiago aurkeztu dituztela anbulatorioan, ordutegia lehengora bueltatzeko eskatuz, "eta erantzuna ezezkoa izan da".
Zahar zein gazteei eragiten dien arazoa dela nabarmendu dute. "Elgoibarko biztanleen %22,37 dira 65 urtetik gorakoak, eta horietako askok zailtasunak dituzte tenologia berriekin moldatzeko, baita telefonoarekin ere; horietako askok gaixotasun kronikoak dituztelako, telefonoz hitz egiteko zailtasun handiak... Arazoa da ia ez dela aurrez aurreko kontsultarik egiten. Adinekoek pairatzen duten arazoaz gain, %18,54 dira 17 urtetik beherakoak, horietako asko beren buruaren mende ez dauden haur txikiak", adierazi dute.
Hitzarmena sinatu duten eragile sozial eta ekonomikoen ustez, Elgoibarko egoera "oso larria" da, zerbitzu publiko soziosanitarioak oso kaskarrak direla-eta. "Ordutegiaren arazoari asteburu gehienetan farmaziarik ere ez dagoela gehitu behar zaio, guardiak Debabarreneko eskualde osoan banatzen baitituzte. Horregatik guztiagatik, Arartekoari eskatzen diogu Osakidetzaren edo dagokionaren aurrean esku hartzeko, egoera hori konpon dadin".

2021 06 09 rartekoari idatzia elgoibar pentsiodunak anbulatorioa

2021 06 09 rartekoari idatzia elgoibar pentsiodunak anbulatorioa 1

 

 

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza