Domekara bitartean egongo da ikusgai Zubiak Eraikiz egitasmokoen argazki erakusketa

Barren.eus 2021ko eka. 4a, 15:14

Donostiako Goyeneche Fundazioak Arrasaten duen Garagune zentro okupazionalean diharduten hainbat lagun izan dira gaur Elgoibarko Kultur Etxean, bertan inauguratu duten Zubiak eraikiz erakusketako protagonistak baitira, eta eurak izan dira erakusketa nola gelditu den ikusten lehenak.

Gaur zabaldu dute Zubiak eraikiz erakusketa Elgoibarko Kultur Etxean, eta bi egunez izango dute ikusgai, ekainaren 6ra arte.

Argazkietako protagonistak diren Arrasateko Garagune zentroko erabiltzaileak izan dira gaur erakusketaren inaugurazioan, Ane Beitia Elgoibarko alkatearekin eta Blanca Larrañaga Ongizate arloko arduradunarekin batera. AMS Mundu Solidarioa Gobernuz Kanpoko Erakundeko ordezkari Isabel Medinak eman dizkie erakusketaren inguruko azalpenak. Izan ere, Elgoibarko Udalak diruz laguntzen du Nikaraguan aniztasun funtzionala duten lagunekin lanean diharduen elkartea; eta, laguntza jasotzearen trukean, egiten duten lanaren berri jendarteari eman edo sentsibilizazio kanpainak sustatu behar dituzte.
Nikaraguan urritasun fisiko edo psikologikoa duten gaztetxoei laguntzen die AMSk, lan mundurako zubilanak eginez. 2000.urtean hamabi erabiltzailerekin hasi zuten proiektua, eta orain 50 pertsona dituzte.

Zubiak eraikiz elkartrukerako egitasmo gisa sortu zuten Gipuzkoako eta Nikaraguako hainbat enpresa eta elkartek: Gipuzkoako Gureak, Goienetxe Fundazioa, Atzegi, Aspace eta Aita Menni Daño Cerebral elkarteek batetik, eta Nikaraguako AMSko zentroak, bestetik. Nikaraguan eta Euskal Herrian aniztasun funtzionala duten lagunekin lan egiten dute elkarte horiek. Bi kulturen artean sinergiak sortu nahi zituzten eta 'Ametsak, amets al dira' dokumentala ere osatu zuten asmo horretan. Pandemiak, baina, hasierako proiektua garai zail honetara egokitzera behartu zituen, eta hortik sortu zen argazki erakusketa hau. Aniztasun funtzionala duten lagunekin lan egiten duten langileek eta zentroetako erabiltzaileek eurek errealitatera egokitzeko egiten duten ahalegina erakusten du erakusketak, Ekaitz Zilarmendik eta Leonel Alvarez Saraviak eginiko argazkien bitartez. Hausnarketa egitera ere animatu nahi dituzte erakusketara hurbilduko diren lagunak. Honako galdera gizarteratu nahi dute: "Kontaktu fisikoa gure terapiaren parte denean, eta irribarrea gure tresnetako bat, zer egin horiek falta direnean?". Izan ere, aniztasun funtzionala duten pertsonek lehen zituzten erronkei berriak gaineratu zaizkie pandemia gurera iritsi zenetik, eta hori ere islatu dute erakusketan. Besarkadak aipatu ditu Medinak adibidetzat: "garrantzitsuak dira beraientzat, eta horiek ere ezin dira eman. Maskarek aurpegiak estaltzen dizkigute, ezin dute ikusi irribarrez ari garen ala ez...".

Gainera, argazkietan alderaketa egin dute: ekintza berak egiten ageri dira Euskal Herrian, nahiz Nikaraguan. 

2021 06 04 zubiak eraikiz erakusketa elgoibar azalpenak

2021 06 04 zubiak eraikiz erakusketa elgoibar bera argazkian2

2021 06 04 zubiak eraikiz erakusketa elgoibar argazkiak kulturetxean barren

2021 06 04 zubiak eraikiz erakusketa elgoibar nikaragua

2021 06 04 zubiak eraikiz erakusketa elgoibar