Pablo Acuña hiltzeaz akusatutako gizonak errudun dela onartu du, baina hil nahi izana ukatu du

Barren.eus 2021ko eka. 2a, 17:03

2019ko maiatzean Elgoibarko kaleetan gizon bat labankadaz hiltzeaz eta emakume bat zauritzeaz akusaturiko gizon baten aurkako epaiketa hasi zuten barikuan Gipuzkoako Lurralde Auzitegian, epaimahaiko kideak —bederatzi gizonezko— hautatu eta gero. Akusatuak aitortu egin du errudun dela, baina erailketa ukatu du.

Bi urte pasa berri dira Pablo Acuña labankadaz hil zutenetik, 2019ko maiatzaren 19ko goizaldean izan zen. Elgoibarko taberna batean hildakoarekin eztabaida bat izan eta ordu batzuetara, auzipetuak labankada bat eman zion, eta emakumeari arma zuriz hiru zauri eragin zizkion. Orain, lehenengoz entzun ahal izan dira Pablo Acuña hiltzeaz akusatutako gizonaren berbak eta azalpenak, egun hartan gertatutakoaren inguruan inoiz deklaratu gabe egon eta gero. Gipuzkoako Lurralde Auzitegian izan da, joan den barikuan hasi baitzuten bere aurkako epaiketa. Fiskalak hilketa leporatzen dio akusatuari, eta 24 urteko kartzela-zigorra eskatu du akusatuarentzat. Akusazio partikular gisa aurkeztu den hildakoaren familiak ere bat egin du fiskalaren eskariarekin. Epaiketaren lehen saioan, joan den maiatzaren 28an, akusatuaren defentsak erruduntasuna onartu zuen, baina gertatutakoa homizidio gisa aurkeztuta eta ez hilketa, akusazioek eskatu bezala.

2021 06 02 hilketa elgoibar epaiketa akusatua ertzainaok kDpF U140546996404tyE 624x385Diario Vasco

Astelehenean akusatuaren deklarazioa izan zen epaiketaren ardatza. Biktimak ez zituela "ezagutzen" adierazi zuen auzipetuak, eta ez zuela "ezer haien aurka". Berak ere ezin duela azaldu gertatutakoa, "istripu" bat izan zela adierazi zuen.
Bere berbetan, gau hartan Elgoibarren edatera atera zen, eta "oso edanda" zegoen neska bat dantzara "gonbidatu" zuenean. Dantza amaitu ondoren, mutil batek emakumeari eraso egin nahi ziola ikusi zuen, eta bikotekidearengana hurbildu zen, soilik dantzan aritu zirela azaltzeko. Egoera horren ondorioz, "borroka txiki bat" izan zen, eta, azkenean, segurtasuneko langileek biak lokaletik bota zituzten.
"Hain mozkortuta nenbilen, ez ditut orduak ere gogoratzen", azaldu zuen auzipetuak. Bere esanetan, borroka gertatu eta denbora batera, "bat-batean", bikotearekin topo egin zuen, zerbait gosaltzeko leku baten bila ari zenean.
"Aurrez aurre gindoazen denok. Ez dut gogoan berak lehenengo niri edo nik berari errieta egin nion, eta hor gertatu zen borroka", adierazi zuen auzipetuak. Testuinguru horretan, fruta zuritzeko lanera eraman ohi duen aizto bat atera zuela bere jakatik argitu zuen epaiketan eginiko deklarazioan.
Bere erasoa ez zela neskaren aurkakoa izan azpimarratu zuen, eta bere laguna "defendatzen" hasi zenean zauritu zuela uste duela. "Atxilotu nindutenean, oso harrigarria izan zen niretzat gertakariak hain larriak zirela jakitea", esan zuen.

Auzipetuak azaldu zuenez, gertatutakoaren ostean "besterik gabe" ibiltzen hasi zen eta mendi martxa batean parte hartzen ari ziren pertsona batzuekin bat egin zuen, Karakate gainean. Izan ere Elgoibarko Mendi Itzulia egiten ari ziren egun hartan makina bat mendizale, Morkaikoren Egunaren barruan. Ertzaintzak 11:24an atxilotu zuen, hilketarekin zerikusia zuelakoan.

"Ez nuen inori ezer egiteko asmorik", azpimarratu zuen auzipetuak deklarazioaren beste une batean, eta "damututa" agertu zen gertatutakoarekin, eta, negar zotinka barkamena eskatu zien kaltetuei, bere "arimaren" barru-barrutik.

 • Emakumearen adierazpena
Bizkarrean, albo batean eta beso batean hiru labankada jaso zituen emakumeak lekukotza erabat desberdina eman zuen; izan ere, akusatua ezagutzen ez zuela berretsi arren, esan du ez duela gogoratzen gau hartan berarekin dantzatu zuenik, eta ez zela oso ondo ohartu tabernan bi gizonezkoen artean gertatu zenaz.

Biktimak gogorarazi du tabernatik irten ondoren beste batera joan zela, mutil-lagunarekin eta beste bikote batekin batera, eta, ondoren, guztiak oinez joan zirela etxera, gaua edaten eman ondoren.

Azaldu duenez, beste bikotea atzean utzi ostean, bere mutil-lagunarekin bakarrik zegoela, norbaitek bizkarrean jo zuela sentitu zuen. "Dena oso azkar gertatu zen, giltza eskuan nuen eta atarian sartu nintzen, baina buelta eman nuenean, itotzen ari nintzela sentituz, nire senargaia ez zegoen eta erasotzailea ere ez", adierazi zuen emakumeak malko artean. "Gero odoletan zegoela ikusi nuen. Oso urduri jarri nintzen eta larrialdietara deitu nuen ", adierazi zuen.

Gau hartan erasoa jasan zutenekin egon zen bikoteak ere deklaratu zuen asteleheneko saioan, eta baita akusatuak lehen gertakaria izan zen tabernako jabeak ere. Horiez gainera, Elgoibarko Mendi Itzuliko bi partaidek ere eman zuten euren testigantza. Akusatua "susmagarria" iruditu zitzaiela esan zuten, mendi martxa baterako moduko arroparik ez zeramalako.

 • Ahozko saioan argitu beharrekoak
Gipuzkoako Lurralde Auzitegian egiten diharduten epaiketaren ahozko saioan hainbat kontu argitu beharko dituzte: labankadak nola egindakoak izan ziren (akusazioaren arabera, bizkarretik), auzipetuak prestakuntza militarra zuen ala ez, eta biktimak bere burua defendatzeko aukera izan ote zuen. Halaber, argitu beharko da inplikatutako pertsonen arteko topaketa "kasualitatea" izan ote zen, defentsak uste duen bezala, edo aitzitik auzipetuak Elgoibarko kaleetan zehar biktimei jarraitu zien ustekabean eraso egin aurretik, akusazioak dioen bezala.

Iragan ostiralean akusatuak 5.000 euroko ordainketa egin zuen epaitegiaren kontuan, eta orain epaimahaiak erabaki beharko du ea posible den egindako kaltea konpontzeko aringarri bat aplikatzea. Aldeek 400.000 eurotik gorako kalte-ordaina eskatzen diote akusatuari.

 • Ertzaintzaren lekukotza, eta bideo kameretan jasotakoa
Testigantza gehiagorekin jarraitu zuen epaiketak martitzenean. Gertatutakoa ikertu duten hamar bat Ertzaintzako agentek osatu duten txostena aurkeztu zuten, eta adierazi zuten hainbat establezimendutako segurtasun kamerek hartutako irudiek akusatuaren adierazpena gezurtatzen dutela. Akusatuak aurreko egunean adierazi zuen "bat-batean" egin zuela topo biktimekin. Aldiz, Ertzaintzak dio "erabateko jezarpena" izan zela. Nabardura hori argitzea funtzeskoa izango da zigorra ezartzerako orduan, erailketa edo erahilketa ahaleginak zigor desberdina baitute. Akusatuak aurrez pentsatuta eta azpikeriaz jokatu zuen erabaki beharko dute epaimahaiko kideek, eta hala bada handiagoa izango da zigorra.
Ikerketaz arduratu den ertzainak adierazi zuenez, segurtasun kameretan jasotako irudiek "zalantza izpirik gabe" erakusten dute akusatuak biktimak "jezarri" zituela, eta Elgoibarko kaleetan barrena eman zen jezarpen hori zortzi minutukoa izan zela eta 800 metrotan eman zela zehaztu zuen gainera. Segurtasun kamera horiek jasotako irudiak kalitate "bikaienekoak" direla nabarmendu zuen gainera, eta akusatua nor den ezagutu eta identifikatzeko aukera ematen dutela. Irudiotan akusatua oinez "lasai" eta "helburu irmoarekin" ikus daitekeela azaldu zuen ertzainak epaiketan, eta bere ibilian Udaltzaingoaren auto bati izkin nola egiten dion ere ikus daitekeela, eta baita biktimak alboko kale bat erabilita nola aurreratzen dituen ere. Bikotea "ezustean" harrapatzeko "une egokienaren" zain egoteko nola ezkutatzen den ere ageri da irudietan, ertzainaren esanetan. Bideoko irudiez gainera, ikerketarako garrantzitsua izan den beste kontu baten berri eman zuen ertzainak, akusatuaren jaka gertakariengandik gertu, eserleku batean, topatu izana, hain zuzen ere. Bere etxeko giltzak zeuden poltsikoetako batean, eta horrek akusatua identifikatzeko aukera emateaz gainera, krimena gertatu zen gunean kokatzen du. Bere telefono mugokorra ere ikertu dute ondorio berera ailegatzeko. Akusatua krimenaren lekuan kokatzeko lekukoen testigantzak eta DNA probak ere badituztela zehaztu zuen ikerketa buruak, eta horiez gainera, atxilotu zutenean akusatuak ertzain bati "espontaneoki" egin zion aitortza ere aipatu zuen. Horren arabera, bikoteari labana batez eraso egin ziola esan zion akusatuak ertzainari, eta etxera joan zela labana horren bila, tabernan eztabaida bat izan ostean. Labana hori gertakariengandik gertu zegoen auto baten azpian aurkitu zuen Ertzaintzak.

*Iturriak: eitb.eus, naiz.eus

∞Lotura duten albisteak: