Arau sorta berria indarrean sartu ostean, zer aldatuko da gaurtik aurrera?

Barren.eus 2021ko eka. 2a, 14:28

Gauerdian sartu dira indarrean LABIren Aholku Batzordeak malgutzea erabaki zuen arau sorta berria. Funtsean, maiatzaren 7ko dekretuan jasota zeuden neurri gehienak bere horretan mantenduko dira dekretu berriarekin.

Espainiako Gobernuak alarma egoera kendu bezperetan argitaratu zuen aurreko dekretua Eusko Jaurlaritzak, joan den maiatzaren 7an. Bertan ageri diren neurri gehientsuenak bere horretan mantenduko diren arren, badaude aldaketa batzuk gauerditik indarrean den dekretuaren eguneratzean. Aldaketa nagusia ordutegiak luzatzea izango da, izan ere, 24:00ak arte ireki ahalko dira establezimenduak eta ordura arte egin ahalko dira kultur eta merkataritza-jarduerak.

Hona hemen Eusko Jaurlaritzak kaleratu duen dekretua osorik

Neurriak:

  • ORDUTEGIAK: 24:00etan, establezimenduak ixtea eta kultura-, gizarte- eta merkataritza-jarduerak etetea.
  • OSTALARITZA: Tabernak eta jatetxeak 24:00etan itxi ahal izango dira –momentu honetan baino bi ordu beranduago-. Barneko edukiera % 50ekoa izango da. Debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea. Mahai bakoitzean, gehienez lau pertsona. Nahitaezkoa da maskara erabiltzea, irensteko unean izan ezik. Halere, salbuespen bat egin du Jaurlaritzak: bizikideak izanez gero, bi mahai edo gehiago batu ahal izango dira, talde handiagoa elkartzeko; hala, kide ugariko familiak, esaterako, ez dira launaka eseri beharko.
  • GAUEKO AISIA: Gaueko aisialdirako establezimenduek eta lokalek itxita jarraitzen dute.
  • BOTILOIAK: Debekatuta dago alkohola kontsumitzea kalean, esparru publikoan, kale-edanean edo "ez-jaiak" gisako bileretan.
  • GAZTETXEAK: Gizarte- eta kultura-jarduerak egiteko administrazio-baimena duten lokalek jarduera horiek egin ahal izango dituzte, gehienez ere % 50eko edukierarekin, eta jarduerak 24:00etan amaituko dira. Pertsonen segurtasuna mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, eta maskara nahitaez erabili beharko da. Beharrezko baimena ez duten lokalak gazteen lonjen eta antzekoen kapituluan sartzen dira, eta, beraz, itxita egongo dira.
  • AISIALDIKO JARDUERAK: Aisialdiko taldeak gehienez hamar lagunekoak izan ahalko dira; betiere, taldeak "egonkorrak" direla bermatzen bada. Neurri honek udalekuei eta gisa horretako jarduerei ere eragiten die; ez ordea ostalaritzari. 
  • ELKARTE GASTRONOMIKOAK: Elkarte gastronomikoak, txokoak, lonjak eta antzekoak itxita egongo dira.
  • MERKATARITZAKO EDUKIERAK: 150 m² baino gehiagoko establezimenduetan, % 40ekoa; eta 150 m² arte, % 60koa. Azoka txikietan, baimendutako postuen % 50 egon ahalko dira.
  • JOKO-LOKALAK: Itxiera 24:00etan. % 50eko edukiera.
  • KULTU-LEKUAK: % 35eko edukiera. Beilatoki eta ehorzketetan: aire zabalean, 30 pertsona gehienez, eta leku itxietan, sei gehienez.
  • KIROL-INSTALAZIOAK: % 50eko edukiera. Aldageletan, % 35ekoa. Ikuslerik ez kirol-ekitaldietan.
  • KIROLA EGITEA: Aire zabalean ez da pertsona-mugarik egongo [orain arte seinaka egin zitekeen kirola aire librean], baina, barnealdean, gehienez sei lagun bildu ahalko dira. Nolanahi ere, entrenamenduetan, joan-etorrietan edo taldeko kirolak egiterakoan, ahal den heinean, 1,5 metroko distantzia mantendu eta maskara erabili beharko da. Eskola-kirolari begira, entrenamenduak izango dira, baina ezingo dira aldagelak erabili. Maskara nahitaez erabili behar da, lehiaketetan eta kanpoan egiten den jarduera fisiko bizietan izan ezik.
  • HONDARTZAK ETA IGERILEKUAK: Bainatzeko eta espazio jakin batean geldirik egoteko, ez da beharrezkoa izango musukoa erabiltzea, betiere erabiltzaileen arteko 1,5 metroko distantzia errespetatu ahal bada. Joan-etorriak egiteko, berriz, maskara erabili beharko da nahitaez. Pertsona-taldeak ezingo dira lau baino gehiagokoak izan, eta beti errespetatu beharko dute taldeen arteko distantzia.
  • MUGIKORTASUNA ETA BILERAK: Maiatzaren 9an, alarma-egoera bertan behera utzita, bertan behera geratu ziren itxiera perimetralak, etxeratzeko agindua eta pertsonak biltzeko mugak.
  • GARRAIO PUBLIKOA: Garraio publikoaren irteera-ordutegia 24:00ak arte luzatu ahalko da. Hala, azken zerbitzua ematen duten ibilgailuen irteteko ordua 24:00ak artekoa izango da.
  • OINARRIZKO NEURRIAK: Maskara erabiltzea, pertsonen artean 1,5 metroko distantzia zaintzea eta barneko espazioak etengabe aireztatzea. Saihestu pilaketak. Gaueko joan-etorriak eta beharrezkoak ez direnak mugatzea gomendatzen da, eta 4 pertsona baino gehiagoko bilkurak saihestea.

2021 06 02 terraza elgoibar lekueder

 • ATZERATUTAKO NEURRIAK
Hogei eguneko epean berrikusiko ditu LABIk gaurtik indarrean diren neurriak. Datuak onak badira, eta intzidentzia tasa 150 kasutik jaisten bada (Bizi Berri Planaren 2. mailako agertokia), edo 50 urtetik gorakoen txertaketa % 90era ailegatzen bada, eta horrekin batera, "ospitaleetako egoerak onera eginez gero", beste bederatzi neurri har ditzaketela iragarri zuen Urkulluk astelehenean. Honako hauek:

  • Jarduerak eteteko eta establezimenduak ixteko ordutegia 01:00era luzatzea.
  • Merkataritzan, azoketan, azoka txikietan, kanpoko kultura-ekitaldietan eta kultu-aretoetan edukiera handitzea.
  • Ekitaldietarako gehieneko edukiera handitzea (600 pertsona barnealdean eta 800 pertsona kanpoan).
  • Ostalaritzan, mahai bakoitzeko sei pertsona egotea.
  • Txokoak eta elkarte gastronomikoak irekitzea, ordutegi-, edukiera- eta distantzia-mugak jarrita.
  • Barruko esparruetan kirol-jarduera ahalbidetzea, gehienez ere 10 pertsonako taldeetan.
  • Kirol-ekitaldietan publikoa baimentzea, % 60ko edukierarekin, eta gehienez ere 800 pertsonako mugarekin barnealdean edo 1.200 pertsonakoarekin kanpoan.
  • Bisita gidatuen, natura-turismoaren, aisialdirako zentro turistikoen eta abarren kanpoko jarduerak antolatzeko pertsona-taldeak handitzeko aukera ematea.
  • Edukiera % 60ra handitzea igerileku, lorategi, hoteletako terraza eta kanpinetako leku irekietan.