Maskulinitatearen eta autodefentsa feministaren inguruko ikastaroak antolatu ditu Mendaroko Jabetze Eskolak

Barren.eus 2021ko eka. 1a, 10:58

Maskulinitatearen eta autodefentsa feministaren inguruko ikastaroak antolatu ditu ekainerako Mendaroko Jabetze Eskolak. Helburu nagusia da berdintasuna sustatu eta indarkeria matxistaren prebentzioa bultzatzea. Eguen honetan, ekainaren 3an, izango da lehena eta ekainaren 11n eta 18an bigarrena. Doakoak izango dira.

 Mendaroko Udalak, Berdintasun Saila buru, hausnarketarako hainbat ekintza antolatu ditu, Jabetza Eskolaren baitan. Ekintza horien artean, esaterako, maskulinitatearen eta autodefentsa feministaren inguruko ikastaroak prestatu dituzte, ekainaren 3an lehena eta ekainaren 11n eta 18an bigarrena.
Maskulinitatearen harira antolatutako ikastaroak “Zer gertatzen zaigu gizonoi? Maskulinotasun tradizionala berrikusten” izena du, eta herritar guztiei dago zuzenduta. Piper Txuriak (Berdintasunaren Aldeko Gizon Taldea) elkarteko Juanma Feitok gidatuko du saioa, eta, besteak beste, honako gai hauek landuko dituzte: genero maskulinoaren eraikuntzaren oinarrizko ezaugarriak, gizonei buruzko sinesmen eta itxaropen kulturalak eta horrek pentsaeran, sentitzean eta jardutean duen eragina. Ekainaren 3an izango da ikastaroa, 17:30etik 19:30era bitartean.
• Autodefentsa ikastaroa, bi saiotan
 Autodefentsa ikastaroa, halaber, bi ostiraletan emango dute, ekainaren 11n eta 18an, 17:00etatik 20:30era bitartean. Emakumeentzako ikastaroa izango da, eta Emagineko (Ikerketa eta Dokumentazio Zentro Feminista) kideek emango dute. Jarrera matxistak identifikatzen irakatsiko diete parte hartzaileei, eta horiei aurre egiteko dauden aukeren berri emango diete. Honela azaldu dute ikastaroa: "Defentsa pertsonala baino askoz gehiago da, emakumeek bizipenak partekatzeko, elkarri entzuteko, beldurrei eta emozioei buruz hitz egiteko, autoestimua lantzeko eta ahalduntzearen bidez indarkeriari aurre egiteko estrategiak eta teknikak emateko espazioa da. Alegia, metodologia eta baliabide desberdinen bitartez, eraso sexistak identifikatzeko emakumeak beren burua hobeto ezagutzeko eta indartzeko tresnak ematera zuzenduta dago".

Izen ematea
Bi kasuetan, ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea, presentzialki Mendaroko udaletxeko harreran edota online, www.mendaro.eus webgunean. Bi ikastaroak udaletxean bertan egingo dira eta elebitan eskainiko dira.

2021 06 01 Jabetzen berdintasuna mendaro udala kartela