Auzitegiak hizkuntza-politiketan eragile bihurtu izana salatu du Kontseiluak

Barren.eus 2021ko mai. 17a, 15:15

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Irungo Udaltzaingoaren inguruan kaleratutako epaiari buruzko irakurketa egin du Euskalgintzaren Kontseiluak. Epaia politikoa dela berresteaz gain, ez dela ekintza isolatua adierazi du Kontseiluko Idazkari nagusi Paul Bilbaok, epaia salatzeko agerraldian.

Joan den astean epaitegiak atzera bota zuen Irungo Udaltzaingo zerbitzurako hamabi lanposturen hizkuntza eskakizuna, euskaraz ez dakitenentzat "diskriminatzailea" dela argudiatuta. Epaiari buruzko irakurketa egiteko agerraldi berezia egin du Euskalgintzaren Kontseiluak, gaur goizean, Bilbon. Kontseiluko Idazkari nagusi Paul Bilbaoz gainera, bilgunea osatzen duten hainbat eragileetako ordezkariak izan dira, besteak beste: AEK, Berria, Euskal Herriko Ikastolak, Elkar, Euskaltzaleen Topagunea, IKA, EMUN, EHE, Elhuyar, Hizkuntz Eskubideen Behatokia eta UEMA.

Kontseiluak aurreko astean ere eman zuen epaiaren inguruan zuen iritzia, baina auzitegiak emandako ebazpen hori "oso larria" dela iritzita, egiten duten irakurketa hedabideen aurrean azaltzea erabaki dute.

Ebazpenaren oinarria ez dela juridikoa, "politikoa" baizik berretsi du Paul Bilbao idazkari nagusiak. "Magistratuek epaia idatzi zuten, eta ondoren, saiatu dira epai hori justifikatzen. Horretarako estrategia desberdinak baliatu dituzte: jurisprudentzia berria baztertu dute, eta hizkuntza-eskakizunen prozedurari ez diote jaramonik egin". Zehaztu duenez, Irungo Udalak "arazo bat" dauka orain: EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia beteko balu, legea urratuko luke.

Epaia ez dela gertaera isolatua salatu du Paul Bilbaok, azken urteetan epaitegietatik datorren joera baten beste katebegi bat baizik. Bere berbetan, ikusten ari gara epaitegi eta auzitegi desberdinetatik behin eta berriro datozela "euskaldunon eskubideen urraketak" are gehiago ahalbidetuko dituzten epaiak. Nafarroako Justizia Auzitegia eta Espainiako Auzitegi Gorena aipatu ditu adibidetzat. Idazkariak gainera, hizkuntza gutxituen alde lan egiten duten eragileek egiten duten hausnarketa partekatu du, eta auzitegiak hizkuntza-politiketan eragile aktibo bihurtu direla salatu du.

Azkenik, batzeko deia egin du Bilbaok gaurko agerraldian parte hartu duten ordezkari guztien izenean, Euskalgintzako eragileek uste baitute "batasunaren bidetik" erantzun behar zaiola epaiari: "Horrelako epaiak hizkuntzaren berreskurapen-prozesuan traba besterik ez dira, eta horrexegatik, batasunaren bidetik erantzun behar diegu. Ez da bidezkoa euskaraz bizitzeko komunitateak egin duen eta egiten ari den ahalegina auzitegiek kamustu nahi izatea; ez da, ez bidezkoa, ez eta zilegi ere". Azpimarratu dute "guztiok batera erantzuteko unea iritsi" dela.
Horregatik, zenbait ekinaldi iragarri dituzte, hala nola Irungo Udalari "babesa" eskaintzea helegitea aurkezteko erabakian, eta nahi izanez gero "laguntzailekide gisa jarduteko prestasuna" agertzea. Horrez gainera, bilera egingo dute eguen honetan eragile sindikal eta politikoekin, Kontseiluaren irakurketa partekatzeko, eta haien iritziak jasotzeko.
 • Elkarretaratzea, zapatuan
Halaber, osteguneko bileran Kontseiluak larunbaterako deitu duen elkarretaratzearen berri helaraziko die eragile politiko eta sindikalei, bai eta parte hartzeko gonbita egin ere. Horrela adierazi da Bilbao agerraldian: "Larunbat eguerdian, Kontseiluko bazkideekin eta beste hainbat eragilerekin batera,horrelako eskuhartzeei desadostasuna agertuko diegu Bilbon EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurreanegingo dugun elkarretaratzean".