Osakidetzak ohiko kirurgia programatuari ekin dio berriro, hiru astez etenda egon ostean

Barren.eus 2021ko mai. 17a, 13:59

Apirilaren 26an eten zituen Osakidetzak "premiazkoak" ez ziren ebakuntzak, eta gaur jakinarazi dute berriz ekingo diotela programatutako kirugiari. 

Covid-aren intzidentziak asistentzia-eremuan izandako inpaktuaren ondorioz, Osakidetzak eten egin zituen premiazkoak ez ziren ebakuntzak, eta hiru astez etenda egon dira. Joan zen astean heldu zieten berriro premiazkoak ez diren ebakuntzei, eta  prentsa ohar bidez egiaztatu dute, gaur Osakidetzako sare osoan hasi programatutako ebakuntzei bide ematen. Azken hiru asteotan premiazko ebakuntzak, onkologikoak eta atzeraezinak soilik egiten aritu diraapirilean gaixo kritikoen unitateek izan zuten okupazio altuaren ondorioz. Covid-agatiko kutsatze kopuruaren beherakadak ospitaleen arintzea ekarri du, eta horrek ahalbidetu du ospitaleetan ohiko jarduna berreskuratzea "pixkanaka". 

Une honetan, Osakidetzak ZIUen kontingentzia planaren 3. egoera dago, eta egoerak hobera egin duen arren, oraindik ere "kezkagarria" izaten jarraitzen duela esan dute arduradunek:  gaur gaurkoz Osakidetzako ospitale-sareak kritikoen 368 ohe ditu zabalik, eta, haietatik, % 39,6 Covid-aren ondoriozko konplikazioengatik ospitaleratutako pazienteek okupatzen dituzte: 146 ohe, guztira. Apirilaren 26an 192 ohe zeudela okupatuta, kopuru osoaren % 53.