Grebara deitu dute ELAk eta LABek Gipuzkoako adinekoen egoitzetako egoera salatzeko eta lan baldintzak hobetzea eskatzeko

Barren.eus 2021ko mai. 17a, 13:46

Gipuzkoako zahar etxeetako beharginen lan baldintzak duindu eta zerbitzua hobetzeko helburuarekin, berriro ere grebara joko dute ELA eta LAB sindikatuek maiatzaren 20an. Era berean, ELAk ekainaren 14an ere lanuztea egiteko deia egin die egoitzetako langileei.

Gipuzkoako Foru Aldundiak erakutsitako "inmobilismoa salatzeko" ere joko dutela grebara azaldu dute sindikatuetako arduradunek. ELA sindikatuak Aldundiari aurpegiratu dio ez dela langileekin biltzeko gai izan, "nahiz eta horretarako eskaera asko egin". Sindikatuek azpimarratu dute egoitzetako beharginak grebarekin jarraitzeko prest daudela, -250 greba egun osatuko dituzte hauekin-, eta ohartarazi dute Gipuzkoako zahar etxeetako "gatazka larritzen" ari dela. ELAk eta LABek hilaren 20an egingo dute lanuztea, eta ELAk ekainaren 14an ere bai.

Adinekoen egoitzetarako sistema "publikoa, doakoa, unibertsala eta pertsonak erdigunean jarriko dituena" eskatu dute. Izan ere, egungo zahar etxeen eredua ez dute begi onez ikusten, eta honela azaldu dute: "Pandemian gure bizitzak arriskatu genituen, eta hori egin izanaren ordaina umiliatzea, alde batera uztea eta balioa galtzea da. Badakite erresidentzien ereduak huts egin duela eta hura aurrera ateratzeko gure mende daudela, langileon mende. Horregatik esplotatuak eta menderatuak behar gaituzte eredu hura iraunarazi ahal izateko. Gu, pertsona ahulenen bizitza eta heriotza zaintzen dugunok, kudeatzen dutenek abandonatuta gaude. Baina argi daukagu: guk borrokan jarraituko dugu, %100eko Gutxieneko Zerbitzuak gorabehera, patronalek eta enpresek hildakoen banaketa ehorztetxeekin adosten dutela, gobernariek funts putreak babestu eta negozioz hornitzen dituztela... ".

2021 05 17 greba adinekoen egoitza lab Biluzik 1068x712

∞Lotura duten albisteak: