Bi koronabirus kasu positibo atzeman zituzten atzo Elgoibarren

Barren.eus 2021ko mai. 13a, 12:34

Eibarren eta Elgoibarren bakarrik atzeman zituzten atzo koronabirus kasu positiboak Debabarrena eskualdean.

Elgoibarren bi positibo baieztatu zituzten atzo, eta 216,64an dago intzidentzia-tasa. Eibarren zazpi kasu berri hauteman zituzten. Guztira, hortaz, bederatzi positibo atzeman zituzten atzo eskualdean, aurreko egunean baino lau gehiago. Debabarreneko intzidentzia-tasa 229,5ean dago, Debagoienakoaren (455,18) eta Gipuzkoakoaren (415,29) azpitik. Azken astean beheranzko joera sumatu den arren, ikusteko dago zer eragin edukiko duten itxiera perimetralak eta etxeratze agindua bertan behera laga izanak.

Hona Debabarrenako atzoko (maiatzak 12) datuak, herriz herri:

  • Deba  0 (476,80)
  • Eibar  +7 (291,18)
  • Mallabia   0 (252,10)
  • Ermua   0 (237,22)
  • Elgoibar   +2 (216,64)
  • Mendaro   0 (189,13)
  • Soraluze   0 (100,65)
  • Mutriku   0 (75,27)
  • GIPUZKOA   152 (415,29)

 • Positibotasun tasa %5etik behera
Hego Euskal Herrian 11.907 proba diagnostikoegin zituzten atzo, eta horietan 551 koronabirus kasu erregistratu dira (bezperan 543 izan ziren). Atzoko proben bidez 276 kasu berri detektatu dituzte Bizkaian, 152 Gipuzkoan, 94 Nafarroan, 27 Araban eta bi beste lurralde batzuetan.

Positibotasun tasak joera desberdina izan du Hego Euskal Herriko lurralde batean edo bestean: Nafarroan nabarmen igo da tasa, %2,5etik %4,2ra, baina zertxobait behera egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %4,9tik %4,7ra, hain zuzen.
Oinarrizko birsorkuntza datuak bestalde, behera egiten jarraitzen du eta atzo 0,82koa izan zen.

Osakidetzako erietxeetan jaitsi egin dira ospitaleratze berriak, eta 59 izan ziren atzo, bezperan baino hamar gutxiago. Gaur-gaurkoz, COVID-19ak jotako 336 lagun daude Osakidetzan ospitaleratuta, eta horietatik 153 daude Zainketa Intentsiboetako Unitateetan.

∞Lotura duten albisteak: