Egunero irteteko eta astean hiru bisita jasotzeko aukera izango dute adinekoen egoitzetan

Barren.eus 2021ko mai. 13a, 10:11

Adinekoen egoitzetako COVID-19aren kontrolerako protokoloa eguneratu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak. Egoiliarren irteerak eta bisitak malgutu dituzte.

Astelehenetik aurrera, egunero irteteko eta bisita gehiago jasotzeko aukera izango dute adinekoen egoitzetan. Orain arte, astean lau irteera eta bi bisita jaso zitzaketen egoiliarrek beren egoitzean. Astelehenetik aurrera, ordea, egunero irten ahalko dute egoitzatik eta astean hiru bisita jasotzeko aukera izango dute.

Astean hiru bisita jaso ahal izango ditu gutxienez egoiliarrak protokolo berriaren arabera. Bizikidetza burbuilak babesteko, bisitak horretarako berariaz jarritako espazioetan egingo dira bisitaldiak, eta kanpotik bi pertsona sartu ahal izango dira aldi berean. Era berean, erabiltzaileek egunero irten ahal izango dute beren zentroetatik, eta lehentasuna emango diete bisitetarako irteerei.

Zentroak erabakiko ditu gune bakoitzeko sarrera eta irteera ordutegiak, eta gehienez ere ordubeteko iraupena izango dute egonaldiek. Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, baldintza horiek salbuetsita geldituko dira egoiliarra bizitza amaierako prozesuan baldin badago edota haren egoera kognitiboek egoera ulertzea eragozten badute. Kasu horietan, maiztasun, iraupen eta bisita gehiago baimendu ahal izango dira egoiliarraren logelan.

Halaber, ibilaldi terapeutikoak lehenetsiko dituzte zentroetan, irteeretan espazio itxiak eta jendetsuak saihestuz. Aurrerantzean zentroa dagoen udalerriaren egoera ez dute kontuan hartuko irteerak egiterakoan. Egoiliarra bizi den zentroan agerraldia edo antzeko egoeraren bat gertatzen bada etengo dituzte soilik irteerak.

2021 05 13 sagardui bilera aldundiak zahar egoitzak

∞Lotura duten albisteak: