Domekatik aurrera itxiera perimetralak eta etxeratze agindua bertan behera, eta ostalaritza 22:00ak arte zabalik

Barren.eus 2021ko mai. 7a, 19:26

Zapatu gauerditik aurrera Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek ez dute mugitzeko mugarik, etxeratze agindurik eta bilkurak lau lagunera mugatu beharrik izango. Jaurlaritzak neurri murriztaile gehienak arindu ditu, epaileen irizpideei men eginda.

Indarrean dauden neurri murriztaileetako askori eusteko asmoa zuela aurreratu zuen asteon Iñigo Urkullu Lehendakariak, besteak beste, itxiera perimetralari, lau lagunetik gorako bileren debekuari eta etxeratze aginduari. Jaurlaritzak, baina, EAEko Auzitegi Nagusiak bariku eguerdian esandakoa errespetatuko du. LABIrekin bildu ostean domekan indarrean jarriko diren neurrien berri eman du Iñigo Urkullu lehendakariak. Bertan behera geratuko dira itxiera perimetralak, 400dik gorako intzidentzia duten udalerrietan orain arte indarrean zeuden neurri murriztaileak, etxeratze agindua eta gehienez lau pertsona batzeko debekua.

Horiez gain, zapatu gauerditik aurrera indarrean egongo diren beste zenbait aldaketa ere iragarri ditu lehendakariak; besteak beste, tabernek eta jatetxeek 22:00ak arte zabalik egoteko aukera izango dutela, eta kultur, gizarte eta merkataritza jarduerek ere ordu muga hori errespetatu beharko dutela. Jaurlaritzak zapatuan argitaratuko du domekatik aurrera indarrean egongo diren neurriak bilduko dituen dekretua. Han zehaztuko ditu aldaketa guztiak.
Neurri murriztaile gehienak arinduko dituzten aren, Urkulluk eskatu du herritarrek, "borondatez", gauean, 23:00etatik 6:00etara mugikortasuna etetea eta baita lau pertsona baino gehiagoko bilerak saihestea ere.

 • ZER EGIN AHALKO DA

  • EAE osotik libre mugitzea, konfinamendu perimetral guztiak bertan behera geratuko baitira.
  • Beste erkidego batera joatea. (Erkidego bakoitzean indarrean egongo diren neurriak).
  • Kalean edozein ordutan egon, etxeratze agindua amaituko baita. Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak deia egin du norberak bere mugikortasuna 23:00etatik 06:00etara mugatzeko.
  • Kopuru mugarik gabe beste pertsona batzuekin elkartzea, kalean zein barrualdeetan. Bi salbuespen daude: ostalaritza (lau pertsona elkartu ahalko dira gehienez mahai bakoitzean) eta kirola (sei pertsonako taldeak gehienez).

 

 • INDARREAN EGONGO DIREN MURRIZKETAK

  • ORDUTEGIAK: 22:00etan, establezimenduak ixtea eta kultura-, gizarte- eta merkataritza-jarduerak etetea.
  • MERKATARITZAKO EDUKIERAK: 150 metro koadro baino gehiagoko establezimenduetan, %40; eta 150m2 arte, %60. Azoka txikietan, baimendutako postuen %50.
  • TXOKOAK: Elkarte gastronomikoak, lonjak eta antzekoak itxita daude.
  • OSTALARITZA: Itxiera 22:00etan. Barneko edukiera %50. Debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea. Mahai bakoitzean, gehienez 4 pertsona. Nahitaezkoa da maskara erabiltzea, irensteko unean izan ezik.
  • GAUEKO AISIA: Gaueko aisialdirako establezimenduak eta lokalak itxita jarraitzen dute.
  • JOKO-LOKALAK: Itxiera 22:00etan. %50eko edukiera.
  • KULTU-LEKUAK. %35eko edukiera. Beilatoki eta ehorzketetan: aire zabalean, 30 pertsona gehienez; eta leku itxietan, 6 gehienez.
  • MUSIKA- ETA AHOTS-JARDUERA: Osasun Publikoaren Zuzendaritzaren gidalerroak betetzen dituen protokoloa beharko dute.
  • KIROL-INSTALAZIOAK: %50eko edukiera. Aldagelak, %35. Ikuslerik ez kirol-ekitaldietan.
  • KIROLA EGITEA: Aire zabalean edo barnealdean, gehienez sei lagunetako taldetan. Eskola-kirola entrenamenduan eta aldagelarik gabe. Maskara nahitaez erabili behar da, lehiaketetan eta kanpoan egiten den jarduera fisiko bizietan izan ezik.