“Kartzela handi bat da Lesbosko errefuxiatuentzako kanpalekua”

Barren.eus 2021ko mai. 7a, 09:21

Lanbidez ingeniaria da Leire Mendikute (Mendaro, 1990), baina oso bestelako lanetan dihardu apirilaren 5az geroztik, Grezian, Lesbos uhartean. Lanean eszedentzia hartu eta bost asterako joana da hara Zaporeak Gobernuz Kanpoko Erakundearekin, Europara iristen diren errefuxiatuei jatordu beroak prestatzera. Laguntzera joan da, baina aitortu du eman baino gehiago, jaso egin duela egonaldi honetan.

 

 • Zerk bultzatu zintuen Zaporeak egitasmoarekin bat egitera?
Beti izan dut gizarte gaiekiko interesa eta beste errealitate batzuk ezagutzeko gogoa. Zaporeak 2018an ezagutu nuen. Orduan, hilabete egin nuen Atenasen Zaporeak-ekin. Oporrak hartuta joan nintzen hara, Patras eta Atenas hirietan harrapatuta zeuden errefuxiatuentzat kozinatzera. Atenasen izan nintzenean berretsi nuen serio lan egiten duen erakundea dela Zaporeak eta euskal herritarrok egindako ekarpenak iristen direla errefuxiatu kanpalekuetara.

 • Zer da Zaporeak? Nola antolatzen zarete?
Europara iristen diren errefuxiatuei janari duin eta beroa eskaintzen dien irabazi asmorik gabeko elkartea da. Donostian sortu zuten elkarte gastronomiko bateko bost-sei bazkidek. Siriako gerrak sortu zuen krisi humanitarioaren ondorioz, lagun talde hark Greziara joatea erabaki zuen, Europara ihesi zetozen pertsonei laguntzera. Zekitena egitera joan ziren: kozinatzera. Hura izan zen hazia, eta tokiko jendearekin, GKEekin eta euskal gizartearen elkartasunarekin sortu zuten Zaporeak. Gaur egun, Grezian, Lesbosko errefuxiatuen kanpalekuan dihardugu lanean, hemen harrapatuta daudenentzako otordu beroak prestatzen. Hemengo talde egonkorra errefuxiatuek eurek osatzen dute, eta gero, Euskal Herritik aldi baterako boluntario etorritakoak gaude. Ni neu bost astez egongo naiz hemen, lanean eszedentzia hartuta, baina maiatzaren 8an gure taldekoak itzultzen garenean beste batzuk etorriko dira. Boluntariotza motzak egiten dira Zaporeak-en, modu horretan jende gehiagok izan dezan hona etortzeko aukera eta euskal herritar gehiago sentsibiliza daitezen.

2021 05 07 Leire Mendikute lesbos boluntario mendaro barren 1

 • Atenasen egon zinen eta orain Lesbosen zaude. Zer topatu duzu Lesbosen? Zer alde igarri duzu batetik bestera?
Kartzela handi bat da hau. Errefuxiatuen kanpalekuko bizi-baldintzak ikaragarri gogorrak dira, eta ikusi egin behar da benetan nola bizi diren jakiteko. Ezberdintasunak badaude Atenastik Lesbosera. Atenasera iristen ziren errefuxiatu batzuek errefuxiatu txartela zuten, baina beste askok Atenasko squats batzuetan edo zuzenean kalean lo egiten zuten. Portuko fabrika abandonatuetako sabai eraitsien azpian kanpatzen zuten askok, baldintza osasungaitzetan. Gu, han ere, kozinatzen jardun ginen, baina errefuxiatuak sukaldera etortzen ziren jateko bila eta geuk banatzen genien. Lesbosen, aldiz, ez daukagu banaketa era horretan egiteko baimenik. Guk kozinatzen duguna beste gobernuz kanpoko erakunde batzuen bitartez banatzen dugu gero errefuxiatuentzako gunean. Hemen, Atenasen ez bezala, migratzaileen kanpalekua dagoelako. Moria izeneko kanpaleku handia zegoen lehen, baina su hartu zuen, inguratzen zuen olibondo sailarekin batera, eta milaka desplazatu aterperik gabe gelditu ziren. Joan zen astean izan nintzen hura ikusten eta negargarria da. Dena kiskalita dago, baina antzeman daiteke zer izan zen, hango hondakinak ikusita. 20.000 migratzaile izatera iritsi ziren Morian. Aterperik gabe gelditu ziren haietako gehienak. Haren ostean, Lesbosko kanpaleku hau eraiki zuen Gobernuak, Moriatik gertu.

 • Zein da orain horko egoera?
Zertxobait hobea da, baina txarra hala ere. Sei bat mila migratzaile daude hemen, baldintza kaskarretan. Ez dute ur berorik, jatekorik ere ez, eta emandakoari esker bizi dira. Greziako Gobernuak eta Europak oro har ez ikusiarena egiten dute eta Gobernuz Kanpoko Erakundeen laguntzari esker har dezakete hemengoek dutxa bero bat tarteka, ikasi dezakete haurrek ingelesa edota jan dezakete bero. Esan dezakegu bizitza duina ziurtatzeko azpiegiturak eta baliabideak ematera behartuta daudenek beste aldera begiratzen dutela, hemen ikusten dugun hau esistituko ez balitz bezala. GKE ugari ari gara hemen lanean, eta bakoitzak bere egitekoa du, baina elkar hartuta ari gara: badaude haurdun dauden emakumeei laguntzeko daudenak, badaude haurren ongizatea bermatzen ahalegintzen direnak, Europara bakarrik iristen direnei laguntzeko erakundeak ere badaude, edo saiatzen direnak ume txikiak dituzten familiei alokairu bat ordaintzen kanpoan, kanpalekutik irten daitezen... Laguntza sare handia dago osatuta.

 • Zerk eraman zintuen horra?
Iruditzen zait erosoegi bizi garela gu, bizitzea baino bizirautea beste aukerarik ez duten milaka lagun ditugunean inguruan. Horregatik gustatu izan zait beste errealitate batzuk ezagutzea.

2021 06 07 lesbos errefuziatuak leire mendikute sukaldean

 • Nola zaudete antolatuta hor?
16 bat lagun ari gara hemen sukaldean. Koordinatzailea euskal herritarra da, eta hemendik joandako beste lau bat izango gara, baina gainerakoak errefuxiatuak dira. Egunero, 1.400 razio prestatzen ditugu gutxi gorabehera eta jai egunik ez dago hemen. Kamioietan iristen den karga hustu, inbentarioa egin, barazkiak garbitu, txikitu eta platereratzen jarduten naiz ni. Orain, Ramadanean daudenez, datilen eta fruitu lehorren poltsatxoak ere osatzen ditugu eta okindegian ere aritzen gara pita ogia egiten. Jatordu bakoitzean tupperra, pita ogia eta fruta ematen ditugu. Horrez gain, gidari lanak ere egiten ditugu hemendik joandako boluntariook. Errefuxiatuek ez dute gidabaimenik hemen, euren jatorrizko herrialdeetan izan zuten arren, eta geu ibiltzen gara haiek batu eta sukalderaino eramaten. Hori bera oso gogorra zaie, beste baten menpe egotea berez arazorik gabe egin ahalko luketena egiteko. Gurekin lanean ari diren boluntarioen %95 gizonezkoak dira. Emakumeek ez dute aukerarik beste jende batekin harremantzeko, lan egiteko, egunerokotik aldi batez ihes egiteko... Emakumeen egoera are da gogorragoa hemen. Honaino iristeko eta Europako atea ikusi dutenean, zer eta preso daude! Izugarria da.

 • Zer berezitasun ditu Lesbosek?
Lesbos Turkiatik oso gertu dago. Turkia 30 bat kilometrora dago itsasoz, eta gertuen dagoen puntuan hamar bat kilometro izango dira gehienez. Horregatik Europako atea esaten diote honi. Mafiek sekulako pagotxa dute inguruotan. Gertatzen dena da Lesbos uharte bat dela eta hona iristen diren asko aurrera egin ezinda gelditzen direla hemen. Gu Mitilinin gaude, hiriburuan. Euskal Herritik etorritako boluntariook Zaporeak-ek daukan etxe batean bizi gara hemen, eta sukaldera hogei bat minutuko bidea daukagu autoz.

 • Nondarrak dira horra iristen diren gehienak? Zer perfiletako jendea da?
Familia asko ikusten dira hemen, bai eta mutil gazte asko ere, bidea bakarka egin dutenak. Aldiz, oso emakume gutxi ausartzen dira pauso hori ematera. Gehienak Afghanistan, Siria eta Irangoak dira. Ez dago kalkulu handirik egin beharrik jakiteko zer lagata datozen eta zeren bila.

 • Zer egiten zaizu deigarriena?
Ikustea irribarre egiteko gai direla. Sekulako motxila astunak dituzte denek, eta hala ere, lanean, beti daude irribarretsu. Gurekin ari diren batzuk kanpalekuan bizi dira eta beste batzuk etxebizitzetan, alokairuan. Hala ere, pisuetan bizi direnak ere ez pentsa horko baldintzetan bizi direnik. Etxe berean lau familiaraino ere bizi dira, familia bakoitza logela batean sartuta, eta gehienen alokairua GKE-ek finantzatzen dute.

 • Beharrak askotarikoak izango dira, baina bereziki zeintzuk aipatuko zenituzke?
Behar psikologikoak batez ere. Lur jota daude. Begirik bildu ezinda daude asko eta depresio eta antsietate kasu ugari daude. Ez dira asko hitz egitekoak gainera, ezta negar egitekoak ere. Dena barruan gordetzen dute. Hezkuntza beharrak ere handiak dira. Errefuxiatuen umeak ez daude eskolatuta. Pandemia aurretik GKE askok eskaintzen zituzten eskolak edo ludoteka antzeko zerbitzuak kanpalekuan, baina orain, lehen mailako premiei erantzuten dieten erakunde gutxi batzuk baino ezin dira sartu.

Elkarrizketa osorik BARREN aldizkariko 1201. zenbakian -PDF-