Ihes gela antzeko joko bat antolatu dute zapaturako, herriko merkataritza gazteen artean sustatzeko

Barren.eus 2021ko mai. 5a, 19:05

'Googaz 3.0' egitasmoak eta Elgoibarko Udalak Scape The Herria izeneko jokoa antolatu dute zapaturako, maiatzaren 8rako. Tokian tokiko komertzioa gazteen artean sustatzea da asmoa, ihes joko eta ginkana formatua erabilita.

Millenial inkonformista talde batek euskal gazteek ekiteko eta beraien bizitzen jabe sentitzeko helburuarekin sortutako mugimendua da Googaz, sortzaileen berbetan. Mondragon Unibertsitateko Lidergo Ekintzailetza eta Berrikuntza graduko ikasle ohiek eta egungo ikasleek sortutako taldea da. Eta, Googaz 3.0 da sortu duten proiektuetako bat. Azaldu dutenez, ekimen horren helburu nagusia euskal gazteak ekintzailetzarako motibatzea eta gazte-talentuari bultzada ematea dira. Horrez gainera, gazteak herriko arazoen soluzioen parte izatea nahi dute; eta tokian-tokiko merkataritzari bultzada ematea da landu nahi duten gaietako bat.

 • Scape jokoak lehen fasean
Gazteei abentura bat bizitzeko aukera eman nahi die Googaz 3.0 proiektuak, eta hiru fasetan egin nahi dute. Lehenengoan, Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan zehar ibiliko dira Scape The Herria izeneko jokoak antolatuz, tokiko merkataritza sustatzeko ideiarik onenen bila. Hainbat herritatik igaro dira dagoeneko, besteak beste, Laudio, Sopela, Azkoiti, Gernika-Lumon edo Amurrion. Zapatu honetan, berriz, Zaratzen eta Elgoibarren egingo dituzte Scape The Herria izeneko jokoak.

Elgoibarko 18 eta 30 urte bitarteko gazteek hiru laguneko taldeaK osatu beharko dituzte jokoan parte hartzeko, eta izena eman behar da Googaz taldearen webgunean: www.googaz.eus en. Scape jokoan parte hartu nahi dutenek ordubeteko tartean egingo dute jolasa, eta 10:00etatik 19:00etara bitartean egongo da egongo da horretarako aukera. Aplikazio batekin egiten dute erronka: galderei erantzun behar diete, saltokiei argazkiak atera, QR kodeak kalean bilatu eta antzerakoak.

Herriko komertzioek zer behar dituzten eta zer erronkari aurre egin behar izaten dioten aztertu beharko dute jokoaren bidez, eta erronka guztiekin ideia berritzaile bat sortu beharko dute taldeek. "Iniziatiba eta ideia berritzaileena izateari" emango dio balioa Googazen dinamizatzaile taldeak.
 • Bigarren eta hirugarren faseak
Bigarren fase batean herrietan eginiko jokoetako talde irabazlea bere probintziako kopara pasako da. Hor, proiektu berriak aurkeztuko dituzte, modu berritzailean merkataritzako erronka eta arazoei irtenbidea emateko.
Gipuzkoako jokoa irabazten duten taldeek hirugarren fasean murgilduko dira, eta Europan barrena interrailekin bidaiatzeko aukera izango dute hamar-hamabost egunez. Hiru talde irabazleek Europako tokiko saltokien joerak aztertu beharko dituzte bidaian, eta ikerketa lan bat egin eta txosten bat aurkeztu beharko dute.