Herritarren iritzi zein iradokizunak jaso zituzten bizikidetza programa berria osatzeko lehen bileran

Barren.eus 2015ko urr. 28a, 21:18

Zer gustatuko litzaizuke bizikidetza programan lantzea? galdera hori, zein urtarrilean egingo diren jardunaldietan landuko diren gaiei eta formatuei buruzko proposamenak landu zituzten bizikidetza programa berria osatzeko lehen bilera irekian.

Elgoibarko Udala arduratuko da bizikidetza kultura berria sustatzeko prozesua kudeatzeaz, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa eta laguntza izango ditu. Joan den urriaren 21ean egin zuten lehen bilera irekiaren asmoa, bizikidetza programa berria osatzeko ideiak trukatu eta herritarren iritzi zein iradokizunak ezagutzea, "bete-betean" lortu zutela adierazi dute sustatzaileek.

Baketik-eko teknikari Iker Usonek gidatu zuen ordubete pasatxo iraun zuen dinamika. Hogei lagun inguru elkartu ziren Elgoibarko Kultur Etxeko azken solairuan egin zen bileran. Usonek legealdiaren hasieratik egin den ibilbidea azaldu ondoren, aditzera eman zuen Udalean ordezkatuta dauden hiru alderdiak "bat datozela" gai honekin. Era berean, jakinarazi dute, bileraren "parte aktibo" izan zirela udal ordezkariak eta alderdi politiko guztietako kideak, izan ere, “garbi dute legealdi hau bizikidetzan urratsak emateko mugarri izango dela”.

Dena den, ekintza ireki hauek herritar guztiei zabalik daudela ohartarazi dute, beraiek direlako bizikidetza horren erdigunea. "Oraingoz, arlo oso desberdinetan landu dira bizikidetzari buruzko gaiak, betiere, hartzaileen ikuspuntu desberdinei egokituta, hau da, politika arloan, hezkuntzan nahiz herritarren artean. Gainera, ezinbestekoa da gai horren inguruan ematen diren pausoen zabalkundea egitea".