Koronabirusa: 400eko langatik behera amaitu du astea Elgoibarrek

Barren.eus 2021ko api. 30a, 14:52

Asteon, astelehenetik eguenera, 11 koronabirus positibo atzeman dituzte Elgoibarren -azken biak atzo-, baina intzidentzia tasak 400eko langatik behera jarraitzen du.

 Azken hamalau egunean, 100.000 biztanleko 346ko positibo tasa izan du Elgoibarrek. Hortaz, kutsatzeek asteburuan duten bilakaera ikusi beharko da astelehenean eguneratuko duten herri gorrien zerrendan egongo den jakiteko. Intzidentzia metatuak behera egin du Debabarrena eskualdean eta baita atzemandako positiboek ere. Atzo hamahiru positibo berri atzeman zituzten eskualdeko herrietan, aurreko egunean baino bederatzi gutxiago

Hona eskualdeko atzoko (apirilak 29) datuak, herriz herri

  • Deba    +4    (1577,11)
  • Mallabia    0    (672,27)
  • Soraluze    0    (553,60)
  • Eibar    +2    (476,81)
  • Mutriku    +2    (470,46)
  • Ermua    +3    (424,50)
  • Mendaro    0    (330,97)
  • Elgoibar    +2    (346,62)
  • GIPUZKOA    +349    (709,13)

 • Gipuzkoa, okerren
Gipuzkoan, atzemandako positiboen zenbatekoa jaisten ari den arren, tasa 700etik gorakoa da oraindik. Beasain da eremu horian dagoen 5.000 biztanletik gorako herri bakarra, eta Elgoibar eremu laranjan dagoen bakarra. Gipuzkoako gainerako herri handiak, 32 guztira, eremu gorrian daude oraindik ere.
Edonola ere, EAEko bilakaera hobera egiten ari dela esan daiteke, izan ere, atzoko datuen arabera, adierazle guztietan egon dira aldaketa positiboak: intzidentzia-metatuak 4,91 egin du behera (532,98koa da); oinarrizko birsorkuntza datuak 0,03 egin du behera (0,94koa da); tasen arrazoiak ere 0,02 egin du behera (-0,02); eta, bukatzeko, ZIUetan hiru lagun gutxiago daude. Arabako intzidentzia tasa 400etik behera dago (392,48) eta Bizkaiakoa 452an dago.
Atzo, 13.601 PCR eta antigeno test egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta guztira 952 kasu positibo zenbatu zituzten: 83 Araban, 368 Bizkaian, 349 Gipuzkoan eta 144 kasu Nafarroan. Hego Euskal Herriko positibotasun tasa %6,9koa izan zen atzo.
Ospitaleen egoera dela eta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi du atzo 96 pertsona ospitaleratu zituztela "COVID-19aren ondorioz". Era berean, 189 pertsona daude gaur-gaurkoz Zainketa Intentsiboen Unitatean edo ZIUn. Osakidetzako erietxeetan 520 pertsona daude egun ospitaleratuta. Bestalde, gaixotasunaren oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea behera egiten ari da, eta egun 0,94an dago.