Lourdes Etxeberria, 37 urtez Mendaroko Udaleko idazkari izan dena, omendu zuten atzo udalbatzaren osoko bilkuran

Barren.eus 2021ko api. 30a, 09:47

26 urte zituela hasi zen udaletxean lanean eta 63 urterekin hartu du erretiroa Lourdes Etxeberria Altzibarrek. Atzo, udalbatzaren osoko bilkuran, urte hauetan guztietan egindako lana eskertu nahi izan zioten egungo udal ordezkariek, lankideek eta Mendaroko alkate izandakoek. Argazkian, lehenengo ilaran ageri da Etxeberria, alkandora zuriarekin.

Ezustean hartu zuen Lourdes Etxeberriak atzoko omenaldia, eta ezin izan zion malkoei eutsi. 37 urtean udaletxean eta Mendaro herriaren alde egindako lanagatik eskerrak eman zizkion Iñaki Arregi alkateak, udalbatza aretoan bildutako guztien izenean, bai eta Mendaro herriaren izenean ere, eta hunkituta entzun zituen hitzok Etxeberriak. Lore-sorta eta erloju bat oparitu zizkion Udalak esker onez, eta udalbatza areto atzean zeuden lankideei zuzendu zitzaien omendua, talde-lanean jardun zela adieraziz.

Omenaldi laburraren ostean, udaletxeko langileek aretoa utzi zuten, omenaldiaren bigarren zatia antolatzeko. Osoko bilkura luzatu egin zen atzo oposizioaren eta alkatetzaren arteko desadostasunak tarteko, baina amaitu zenerako prest zuten mokadua langileek.

 • Mendaroko alkate izanak
Atzoko omenaldian, udaletxeko lankideez eta gaur egungo udal ordezkariez gain, Mendaron alkate izan direnek ere parte hartu zuten. Hantxe zeuden Juanito Loiola Mendaroko lehenengo alkate izandakoaren alargun Ana Mari Mallabiabarrena  eta seme Xeber Loiola, Antton Zubiaurre (EAJ), Txomin Zulaika (EAJ), Esti Gonzalez (MTI), Irune Berasaluze (EAJ), Sonia Garcia (EH Bildu) eta Iñaki Arregi (EAJ). Lourdes Etxeberriari erreleboa emango dion Irati Labaka Garmendia idazkaria ere hantxe zen ekitaldian. Lourdes bera udaletxera iritsi zen adin berarekin hasiko du ibilbide berria Labakak, 26 urterekin.

2021 04 29 Lourdes Etxeberria alkateekin

2021 04 29 Lourdes Etxeberria Mendaroko udaletxeko lankideekin

2021 04 29 Lourdes Etxeberria Mendaro