Hondakinak Garbiguneen atarian lagatzen dituztenei isuna jarriko die Mankomunitateak

Barren.eus 2021ko api. 29a, 14:19

Debabarreneko Mankomunitatetik salatu dute azkenaldian zaborra Garbigune atarian lagatzen hasi dela jendea, ordutegiz kanpo. Are, Garbigunera eraman ezin diren hondakinak ere topatu dituzte atarian ar, amianto-hondakinak esate baterako. Horregatik, isunak jartzen hasiko direla ohartarazi dute.

"Ia egunero, lehen orduan, Mankomunitateko langileek mota guztietako hondakinak aurkitzen dituzte, nahastuta, garbiguneen atarietan", salatu dute Debabarreneko Mankomunitatetik.

Hondakinak behar diren guneetatik kanpo lagatzea arau-hauste oso larritzat hartuta dago Mankomunitatearen ordenantzan, eta beraz, isunak 1.750 eta 45.000 euro artekoak izan daitezke. Isunak jartzen hasiko direla ohartarazteaz batera, garbiguneen ordutegia zein den ere gogorarazi dute Mankomunitatetik: Astegunetan, goizez, 9:00etatik 13:00etara eta arratsaldez, 16:00etatik 18:00etara. Asteburuetan, berriz, goizez bakarrik zabaltzen dute, 9:00etatik 13:00ak bitartean.

Mankomunitatetik azaldu dutenez, azpiegitura "oso garrantzitsuak" dira Garbiguneak, normalean gutxiago sortzen ditugun hondakinak biltzeko. 2020an 2.146 tona hondakin bildu ziren hauetan, hala nola eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak, tresna elektriko eta elektronikoen hondakinak, etxeko hondakin arriskutsuak, zurak, pneumatikoak, etab. Garbiguneek, mini-garbiguneekin batera, hondakinen gaikako bilketa handitzeko eta hondakinen berrerabilpena edo birziklapena sustatzeko funtsezko espazioak direla nabarmendu dute.