Emakumeen Etxearen kudeaketa eredua "fintzen" ari da Udala herriko eragileekin eta emakumeekin batera

Barren.eus 2021ko api. 28a, 15:31

King-kong eraikinean Emakumeen Etxea sortzeko egiten ari diren eraberritze-lanak maiatzean amaituta egotea aurreikusten du Elgoibarko Udalak, eta asmoa da ekainean zabaltzea Emakumeen Etxea. Era berean, kudeaketa eredua adosteko lanean ari direla aurreratu dute.

Udaleko Berdintasun sailetik jakitera eman dutenez, herriko emakumeekin eta eragileekin ari dira Emakumeen Etxea izango denaren kudeaketa eredua adosten. "Kudeaketa ereduaren zirriborroa osatu da. 2020an egin zen herri galdeketan jaso zen proposamenaren gainean osatu da proposamena: kudeaketa-eredurik egokiena zerbitzu publikoaren eta kudeaketa sozialaren arteko eredu hibrido bat izango litzateke", azaldu dute.

Urtarrilean hasi zituzten Elgoibarko Emakumeen Txokoa eraikitzeko lanak. Proiektu hori herriko emakumeekin landu zuten aurrez, parte-hartze prozesu bat medio. Gaur, apirilak 27, bisitatu dute gunea lehen aldiz, Ane Beitia alkatearekin eta Maialen Gurrutxaga Berdintasun zinegotziarekin batera.

Gotzon Garate Udal Liburutegia egon zen espazioaren erdia erabili da 150 mmetro koadroko inguruko azalera izango duen Emakumeen Etxea sortzeko. Obrak 83.400,44 euroko aurrekontua du. Une honetan margoketa lanetan dihardute eta altzariak, informatika materiala, wifiaren instalazioa eta zerrailak jarri ostean, lanak maiatzean amaituta egotea aurreikusten dute, ekainean zabaldu ahal izateko.

Udaletik prentsa ohar bidez azaldu dutenez, kudeaketa eredua adosteko lanean dihardute inplikatutako eragile guztiek. Ekainerako guztia prest izatea du helburu Berdintasun Sailak, elkarlanean landutako programazio batekin martxan jarri ahal izateko.
Honako funtzioak beteko ditu Emakumeen Etxeak: Emakumeen parte-hartzea sustatzea bizitzako arlo guztietan, bereziki, jabekuntza indibidualetik kolektibora bideratutako jarduerak landuz; emakumeen bizi-baldintzak ez ezik, emakumeek jendartean duten tokia hobetzeko ere lan egitea; Elgoibarko talde eta elkarteen arteko elkarlana eta emakume anitzen arteko elkarlana sustatzea; berdintasunaren inguruko prestakuntza, sentsibilizazioa eta informazioa sustatzea; eta aldaketa soziala eta feminista lortzeko jarduera estrategikoak bultzatzea.

Ane Beitia alkateak nabarmendu duenez herritarren inplikazioa “handia” izan da: “Emakume guztien etxea izatea nahi dugu. 2020an egindako parte-hartze prozesuan izandako inplikazioa handia izan zen, eta orain, kudeaketa eredua definitzen ari garen honetan ere, herriko emakume eta eragileak oso ilusionatuta eta gogotsu gaude. Xedea da espazio dinamikoa eta irekia izatea, enpatia sortzeko topagunea, ikasteko eta informazioa jasotzeko tokia, jabekuntza sareak sortzeko espazioa, eta emakumeen berdintasuna, askatasuna, partaidetza eta presentzia sustatzeko gunea”.
Beitiak gaineratu du emakumeen etxea herriko emakume elkarteen eta mugimendu feministaren aspaldiko aldarrikapena dela. "Proiektu partekatua da zentzu orotan, berdintasunaren izpiritua guztion artean eraiki eta zabaldu behar baitugu eta Emakumeen Etxea tresna oso garrantzitsua izango da Elgoibar berdinzalea sustatu eta lortzeko”, adierazi du.

 ∞Lotura duten albisteak: