Elgoibarrek zein Mendarok itxiera perimetralik gabe jarraituko dute

Barren.eus 2021ko api. 26a, 12:51

Debabarrena eskualdean 78 koronabirus positibo atzeman dituzte joan den asteburuan (aurreko asteburuan 103 ziren). Elgoibaren sei positibo atzeman dituzte barikutik domekara eginiko probetan eta bi positibo Mendaron. Itxiera perimetralik gabe jarraituko dute Elgoibarrek eta Mendarok, nora joan aukera handiegirik ez badago ere, Gipuzkoako ia herri guztiak baitaude eremu gorrian.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eguneratu egin du azkeneko hamalau egunetan 100.000 biztanleko 400 kasu baino gehiago dituzten udalerrien zerrenda. Azkenekoz joan den astelehenean eguneratu zuen zerrenda hori Jaurlaritzak, eta biharamunean sartzen da indarrean. Hamar udalerri gehiago itxita egongo dira bihartik aurrera, baina horien artean ez dira egongo Elgoibar eta Mendaro. Eremu horian zegoen Gipuzkoako herri bakarra zen Elgoibar eta eremu laranjara igo da orain, 311,96ko intzidentzia-tasa baitu. Gipuzkoan Elgoibar eta Beasain dira eremu laranjan dauden 5.000 biztanletik gorako udalerri bakarrak. Gainerakoak eremu gorrian daude, itxita (ikus Gipuzkoako mapan).

Mendarok 400eko maila gainditzen duen arren, -425,53ko intzidentzia du-, ez dago itxiera perimetrala ezarri beharko duten udalerrien zerrendan. Izan ere, hiru baldintzetatik bi betetzen ditu Mendarok: 400dik gorako intzidentzia izatea eta kasu positiboen kopurua azken 7 egunetan 4 baino gehiago izatea (7 kasu zenbatu dituzte). Baina, ez du hirugarren irizpidea betetzen, alegia, azken 14 egunotan Covid-19aren kasu positiboen intzidentzia-tasa metatua udalerriari dagokion oinarrizko osasun-eremuan 400ekoa edo handiagoa izatea 100.000 biztanleko. Eskualdean bertan, Mallabiak Mendarok baino intzidentzia baxuagoa duen arren, itxiera perimetrala ezarri beharko dute, aurrez aipaturiko hiru irizpideak betetzen dituelako.

 • Hona Debabarrenako asteburuko datuak, herriz herri (apirilaren 23tik 25era):

  • Deba +22 (6 barikuan 11 zapatuan 5 domekan) 1723,82
  • Soraluze +6 (3, 1, 2,) 654,25
  • Eibar +20 (7, 4, 9,) 582,37
  • Mutriku  +7 (5, 0, 2,) 564,55
  • Ermua  +15 (5, 4, 6,) 518,13
  • Mendaro  +2 (1, 1, 0,) 425,53
  • Mallabia   0 420,17
  • Elgoibar   +6 (2, 3, 1,) 311,96
  • GIPUZKOA:  +1004 (358, 290, 356) 726,48

 

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 5.000 biztanletik gorako 50 udalerri daude zerrenda gorrian, eta 5.000 biztanletik beherako 20 herritan ezarriko dituzte eremu gorriko udalerriei dagozkien murrizketak

∞Lotura duten albisteak: