Elgoibarren eta Mendaron bina koronabirus kasu berri atzeman zituzten atzo

Barren.eus 2021ko api. 23a, 14:30

Eskualdean 27 positibo berri atzeman zituzten atzo, aurreko egunean baino 15 gutxiago. Hala ere, izurritearen bilakaera bereziki larria da Gipuzkoan eta Eusko Jaurlaritzak Covid 19-ren aurkako prebentzio-neurriak betetzeko deia egin du, eta indarrean dagoen araudia "zorrotz" betetzeko eskatu du.

Hego Euskal Herrian zenbatutako kutsatu kopurua hirugarren egunez jarraian da mila kasuren langatik goitikoa, eta gainera, positiboen ehunekoak gora egin du berriz ere: %8,5 da.

Osakidetzak eta Osasunbideak emandako azken datuen arabera, atzo, guztira, 1.171 kasu positibo zenbatu zituzten: 117 Araban, 425 Bizkaian, 431 Gipuzkoan eta 184 Nafarroan. Guztira, 13.303 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurralde horietan: proba egin zuten herritarren %9k eman zuten positibo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; % 7,7k, berriz, Nafarroan.

Erietxeetako egoerak ez du hobera egin: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 554 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik 173 Zaintza Intentsiboen Unitateetan (ZIU). Atzokoan, 114 pertsona ospitaleratu zituzten hiru lurralde horietan. Nafarroan, berriz, 153 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik 35 ZIUetan.

Gipuzkoako datuak gero eta okerragoak dira: 5.000 biztanletik gorako herri bakarra dago eremu gorritik kanpo; Elgoibar. Gainera, intzidentzia tasa 700dik gorakoa da lurraldean. Gaur gaurkoz zortzi udalerritan 1.000 kasutik gorako intzidentzia metatuta dute. Legazpik du altuena 2009,75ko intzidentzia metatuarekin.

Eskualdera etorrita, atzo (apirilak 22) aurreko egunean baino hamabost positibo atzeman zituzten Debabarrenako herrietan.
Hona hemen herriz herriko Debabareneko atzoko (apirilak 22) datuak

  • Deba +5 positibo    (1357,05ko intzidentzia-tasa)
  • Soraluze +0    (956,22)
  • Eibar +10    (571,45)
  • Mutriku +1    (508,09)
  • Mendaro +2    (472,81)
  • Ermua +7    (443,22)
  • Mallabia +0    (420,17)
  • Elgoibar +2    (294,63)
  • GIPUZKOA    431   (711,21)

 • Egoera epidemiologikoak oso balio altuak ditu
COVID 19ren transmisioa saihesteko prebentzio-neurriak eta indarrean dagoen araudia zorrotz betetzeko deia egiten dio biztanleriari Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Jose Luis Quintas Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuordeak eta Koldo Cambra Osasun Publikoko zuzendariordeak prentsaurrekoa eman dute, besteak beste, aldaera ezberdinen bilakaeraren berri emateko. Ohartarazi dutenez, "Euskadiko egoera epidemiologikoak oso balio altuak ditu azken egunetan, BIZIBERRI III planean adierazitako parametroetan". Gaur egun, hamalau egunetan metatutako intzidentzia-tasa 540,03 kasutakoa da 100.000 biztanleko, eta azken zazpi egunetan ospitaleratutakoen batez bestekoa "aurreko tentsio-uneetan izandakoa baino handiagoa da".
Sarean egiten duen lanari esker, Osakidetzak egitura sendoa duela azaldu dute agintariek, eta horrek aukera ematen diola egungo ospitale-okupazioari aurre egiteko, baina Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak herritarrei eskatzen die COVID 19ren transmisioa sahiesteko neurriak betetzeko. Honako neurriak aipatu dituzte:

  • Musukoa behar bezala erabiltzea jarduera guztietan.
  • Elkarrekin bizi ez diren pertsonekiko distantzia soziala mantentzea.
  • Barruko espazioak etengabe aireztatzea.
  • Eskuak maiz garbitzea eta gel hidroalkoholikoa erabiltzea.

Koronabirusaren aldaera ezberdinen bilakaeraz ere eman dituzte azalpenak Quintasek eta Cambrak. Brasilgo eta Hegoafrikako aldaerek eragindako kasuen gorakada nabarmena izan da, apirilaren 20ko datuekin alderatuta. Duela hiru egun Brasilgo aldaeraren 107 kasu zenbatu zituzten, eta orain 222 dira dagoeneko. Hegoafrikako aldaerari dagokionez, 46 baieztatu zituzten duela hiru egun, eta orain 54 dira.