Beste bost positibo eta intzidentzia-tasa gora Elgoibarren ere

Barren.eus 2021ko api. 22a, 14:40

Osasun Sailak emandako datuen arabera, atzo (apirilak 21) 12.497 diagnosi-proba egin zituzten, eta horietaik 1013k emaitza positiboa eman dute, otsailetik izan den kasu positibo kopuru altuena. Debabarrena eskualdean 42 positibo berri atzeman zituzten guztira, aurreko egunean baino bost gehiago.

Gipuzkoan 34 herri daude 5.000 biztanletik gorakoak, eta bi bakarrik daude eremu gorritik kanpo, hau da, 400eko intzidentzia-tasaren azpitik, Ordizia batu baitzaio Elgoibarri, atzo eremu gorritik kanpo zegoen herri bakarrari. Edonola ere, Elgoibarren ere gora egin du intzidentzia-tasak azken egunetan. Atzo bost positibo berri zenbatu zituzten eta 294,63ean dago intzidentzia tasa, gaur gaurkoz, eremu laranjaren atarian. Mendaron positibo bat atzeman zuten eta 425etik 472ra igo da intzidentzia atzotik.

Gipuzkoako egoera ez da ona, 697,75an baitago batez besteko lurraldeko intzidentzia tasa. Gainera, ez da nabarmentzen bakarrik gorrian dituen herrien kopuragatik, baita horietako askok duen intzidentzia altuagatik ere. Gaur gaurkoz hamar udalerritan 1.000 kasutik gorako intzidentzia metatuta dute.
Debabarrena eskualdeari dagokionez, 42 positibo berri atzeman zituzten martitzenean eginiko probetan, aurreko egunean baino bost gehiago.

Hona hemen herriz herriko Debabareneko atzoko (apirilak 20) datuak:

  • Deba +9 positibo  (1283,70ko intzidentzia-tasa)
  • Soraluze +1    (981,38)
  • Eibar +12    (567,81)
  • Mutriku +2    (545,73)
  • Mendaro +1    (472,81)
  • Ermua +11    (424,50)
  • Mallabia +1    (420,17)
  • Elgoibar +5    (294,63)
  • GIPUZKOA: +443   (697,75)

 • Hego Euskal Herrian 1.195 kasu
Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian 1.195 positibo zenbatu zituzten atzo: Araban 99, Bizkaian 465, Gipuzkoan 443, Nafarroan 182 eta sei beste lurralde batzuetan. Guztira, 14.893 proba egin zituzten lau lurralde horietan, eta %8k eman zuten positibo.
Eta R0 adierazleari lotuta, azken egunetako beheranzko joera eten da azken orduetan; 1,03ko datua izan da erregistratu den azkena (aurreko egunekoa 1,02koa izan zen).

Erietxeetako egoerari dagokionez, 94 lagun ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzaren zentroetan. Guztira, COVID-19a duten 549 lagun daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitale publikoetan, eta horietatik 165 Zaintza Intentsiboen Unitateetan. Azken egunetako kopururik altuena da ZIUetan dauden gaixoena.

2021 04 22 korodata covid19 EAE

2021 04 22 korodata covid19 elgoibar apirilak21ra

∞Lotura duten albisteak: