Greba eguna dute gaur administrazio publikoan

Barren.eus 2021ko api. 22a, 12:20

ELA, LAB, CCOO, ESK, SATSE eta Steilas sindikatuek grebara deitu dute gaurko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazioetako alor guztietan. Elgoibarren eta Mendaron izan dira grebarekin bat egindakoak. 

Administrazio publikoko langileen lan-baldintzak salatzeko greba eguna deitu dute sindikatuek gaurko eta Elgoibarren eta Mendaron ere hainbat langilek egin dute bat deialdiarekin, baina oro har, jarraipen apala izan du grebak gure eremuan. 

Elgoibarko Herri Eskolan langileen %50ek egin dute greba; BH Institutuan, berriz, 80 langiletik bostek egin dute eta IMHn, 60tik irakasle bakarrak. Mekan, berriz, langileen %13,24k. Elgoibarko Udalean langileen %6,45ek egin dute greba. 

Mendaron, Ikastolako klaustrokideen gehiengoak egin du greba, eta udaletxeko egunerokoan ez du eraginik izan greba deialdiak.

2021 04 22 greba apirilak22 Bilbo3 lab sindikatua

Sindikatuek lehen balorazio positiboa egin dute (irakurri sindikatuen balorazioa -PDF-).

Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren bitartez, sektore publikoko grebaren jarraipenari buruzko datuak eman ditu gaur eguerdian, ordura arte zeudenak. Azaldu duenez, Administrazio Orokorrean, hau da, Gobernuko sailetako eta erakunde autonomoetako langileen kasua, grebaren jarraipena %16,4koa izan da orain arte. Erakunde autonomo baten adibide bat emate aldera, baita ere, Lanbideren kasuan, jarraipena %15,52koa izan dela zehaztu du Garamendik. Osakidetzaren kasuan, goizeko txandako informazioa kontuan izanda, jarraipena %2,87koa izan da.

∞Lotura duten albisteak: