San Lazaro egoitzako egoilarrentzako gorde zuen gunea zabaldu du Udalak

Barren.eus 2021ko api. 20a, 19:18

San Lazaro egoitzaren aurrealdean dagoen jubilatuen parkea egoitzako egoiliarrentzat erreserbatu eta egokitu zuen Udalak, baina, heritar guztiei zabaltzea erabaki dute orain, Covid-19aren kutsatze-datuak hobeak direla-eta.

Covid-19a dela-eta, Herriko Antzokiaren aurreko parkea hesitu zuen Udalak, San Lazaroko egoiliarrek gainerako herritarrekin kontakturik izan ez dezaten, eta segurtasunez egon zitezen parkean. Estalpe bat ere ipini zuten eurioa egiten zuenerako. Orain, herrian, Covid-19aren intzidentzia tasa 400dik behera dagoela-eta, Udalak erabaki du eremua, berriro ere, elgoibartar guztiei zabaltzea. Sarrera-irteerako hesiak kendu dituzte eta baita bertan zegoen karpa ere. Udalak, ordea, erabaki hau behin behinekoa dela ohartarazi du, eta berriro hesituko dutela parkea herriko intzidentzia tasak 400dik gora egiten badu.

Ane Beitia alkateak adierazi du “herritarren aldeko apustua” izan dela ekimen hau, “kasu honetan San Lazaroko egoilarrena. Pandemia honek erakutsi digu guztiok behar dugula elkar, eta lagundu egin behar garela, solidarioak izan behar dugula. Elgoibarko herriak hori erakutsi die egoilarrei, oso erabilia den eremu hori, egoilarrentzako eremu seguru bilakatuz. Orain Covid-19aren kutsatu-datuak hobeak dira eta berriro zabalduko dugu, baina arretaz jarraituko dugu bilakaera eta beharrezkoak diren neurriak aplikatuko ditugu uneoro”.

2021 04 20 parkea san lazaro egoiliarrentzat 2

2021 04 20 parkea san lazaro egoiliarrentzat b1