Intxaurrondo bat Bolatokian, dolua arinagoa egiteko

Barren.eus 2021ko api. 19a, 10:08

Maite dugun pertsona baten heriotza esperientzia mingarria da, denok salbuespen barik biziko duguna momenturen batean. Oier Etxaniz gazte elgoibartarraren etxeko eta gertukoei duela urtebete iritsi zitzaien senide eta laguna betiko agurtzeko momentua, baina dolua egiteko prozesu horretan, gaur, lasaiago daude berarekin akordatzen diren aldiro irria ateratzen zaielako ezpainetan.

Zapatuan, omenaldi hunkigarria egin zioten Oierri Bolatokian, eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen izenean, Porrotxek intxaurrondo bat landatu zuen bertan, elgoibartarrek maite dituzten pertsonak gogora ditzaten ondotik pasatzen diren aldiro.

 Iazko apirilean hil zen Oier Etxaniz gaztea. Informatikaria zen ikasketaz, eta hil aurreko azken urteetan boluntario lanak egin zituen Aspanogin minbizidun haurrak entretenitzen. EHUko ikertzailea zen, eta minbizia ikertzen aritu zen hainbat onkologorekin elkarlanean. Era berean, Itsasoan barrena liburua argitaratu zuen Aspanogi elkartearekin. Musika zuen zaletasun, eta saxofoia jotzen zuen Udal Musika Bandan eta Mauxitxa txarangan. Lagunarte handia zeukan, eta hain justu ere, lagun talde batek omenaldia antolatu zuen zapaturako haren omenez. Bolatokian elkartu ziren eta omenaldi goxoa izan zen, lagunartekoa, etxekoa. 

Ekitaldian, Aspanogi elkarteko familiek eta Oierren beraren lagunek parte hartu zuten, bai eta musika ibilbidean taldekide eta lagun izan zituen hainbatek ere. Etxanizek berak Kristina Perez eta Carmen Valoisekin batera idatzitako liburuko hainbat pasarte irakurri zituzten, Aitor Nova musikariak Maitia, nun zira? kantua eskaini zion eta Chip2rras taldekoek, esaterako, kantuan oroitu zuten laguna. Aspanogi elkartean lagun egin zuen Porrotx pailazoa ere izan zen Bolatokiko omenaldian zapatuan. Pailazoek elgoibartarrei oparitutako intxaurrondo bat ekarri zuen Elgoibarrera Porrotxek, eta bolatokian bertan landatu zuen, parkea magikoa egiteko. Pailazoen 'Amaren intxaurrak' ikuskizunari erreferentzia zuzena egiten dio intxaurrondoak. Ikuskizun horretan, duela hiru urte hil zen Loretoren ama oroitzen dute pailazoek. Haren oroimenez, intxaurrondo bat landatu zuten agurrean, eta orain, hiru urte geroago, intxaurrondoak emandako lehen fruituak dastatzen dituzte. Intxaurrak jan ahala, Loretorekin bizitako abenturak partekatzen dituzte ikuskizunean, haur eta familiekin. Eta horixe bera izatea nahi lukete pailazoek Bolatokian zapatuan landatu zuten intxaurrondoa: maite izan duten norbait galdu duten elgoibartarrek dolua egiteko puntua, maite izan dituztenen ondoan bizitako abenturak gogora elkarriz irri egiteko lekua. 
 
2021 04 17 oier etxaniz omenaldia bolatokixan pirritx barren 3
 
2021 04 17 oier etxaniz omenaldia bolatokixan pirritx barren b1

2021 07 17 oier etxaniz omenaldia bolatokixan elgoibar arg ainhoa mendibil

∞Lotura duten albisteak: