400eko intzidentzia tasa gainditu da Gipuzkoan

Barren.eus 2021ko api. 8a, 12:40

 

7.417 PCR proba eta 3.621 antigeno proba egin zituzten atzo Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian, eta emaitzak ez dira onak. 788 kasu positibo antzeman zituzten, eta intzidentzia tasak 11 puntuan egin du gora (363,41ekoa da). Oinarrizko Birsorkuntza Tasa, berriz, 1,10ekoa da (gora egin du apur bat: 0,02). Lurraldeka, Gipuzkoa dago egoerarik okerrenean,  412,52ko intzidentzia tasarekin. Arabak ere gertu du 400eko langa, 398,84ko intzidentzia tasarekin, eta atzetik dator Bizkaia, 315,57koarekin. Hiriburuei erreparatuz gero, bakarra dago eremu gorrian, Gasteiz (436,54), baina Bilbok ere gainditu du 100.000 biztanleko 400eko kopurua  (403,20). Hala ere, Jaurlaritzak astelehenean berrituko du eremu gorrian dauden udalerrien zerrenda, eta zerrenda horretan ageri direnei asteazkenean aplikatuko liekete itxiera perimetrala.
 
Gurera etorrita, Elgoibarrek eremu laranjan jarraitzen du. Atzo ez zuten kasu positiborik antzeman Elgoibarren (astelehenetik 8 kasu positibo zenbatu dira), eta azken hamalau egunotako intzidentzia metatua 337,35ekoa da. Mendaron ere ez da kasurik antzeman azkeneko lau egunetan, eta 189,13ko intzidentzia tasa du. Debabarrenean, Ermua da gorri dagoen herri bakarra. Hala ere, intzidentzia-tasari erreparatuz gero, Soraluzen ere egoera ez dute askoz hobea, 400eko muga gainditu baitzuten atzo (Gaur, 478,11ko intzidentzia-tasa du).