Debabarreneko Mankomunitateak dio gaikako zabor bilketak bilakaera positiboa izan duela urteko lehen hiruhilekoan

Barren.eus 2021ko api. 7a, 11:07

Debabarreneko Mankomunitateak urteko lehen hiruhilekoaren balorazioa egin du, eta arduradunek esan dutenez, gaikako zabor bilketak “bilakaera positiboa” izan du epe horretan.

 

Debabarreneko Mankomunitateak emandako datuen arabera, 2021eko lehen hiruilabetean iaz baino 85 tona errefus gutxiago bildu dituzte Debabarrenan, eta gaika bildu duten organiko kopuruak, berriz, 43 tona egin du gora. Mankomunitateak aldaketa hauek “oso positiboak” direla dio: “Badirudi egiten ari garen
sentsibilizazio ekintzak eraginkorrak direla, eta gutxinaka, guztion inplikazioari esker, ari garela
gaikako bilketaren inguruko ohiturak hobetzen. Herritarrek geroz eta argiago dute hondakin
bakoitza dagokion edukiontzira botatzeak duen garrantzia, eta gutxinaka biltzen dugun errefus
kopurua txikitzen ari gara guztion inplikazioari esker, hondakinak dagozkien edukiontzietan
uzten direlako. Eskerrak eman nahi dizkiegu ingurumenaren alde pauso txikiak ematen ari diren
herritar guztiei, denon artean soilik lortuko dugulako gaikako bilketa hobetzea.”

Otsaileko datuak, tendentzia positiboaren adierazle

Iazko otsailarekin alderatuz %2 egin du gora gaikako bilketak eskualdean, %51,35etik %53,34ra
hain zuzen ere. Sortutako hondakin kopurua mantendu den arren, 2.310.000 kg, bildutako
errefus kopurua jaitsi da eta 48.000 kg gutxiago bildu dira. Organikoari dagokionez, ordea,
kopurua igo egin da eta 25.000 kg gehiago jaso dira, herritarrak gutxinaka hondakin bakoitza
dagokion edukiontzian uztearen garrantziaz konturatzen ari direnaren adierazle.

Mankomunitateak lanean dihardu etengabe eskualdean gaikako bilketaren datuak hobetzeko, eta 2030erako %70eko gaikako bilketara iristea du helburu. Horretarako, besteak beste, edukiontzi bakoitzean zein hondakin utzi daitezkeen lantzen jarraituko du gizartea osatzen duten herritar, eragile eta erakundeei zuzendutako sentsibilizazio ekintzen bidez.