2020ko aurrekontuen gerakina erabiltzeko hainbat proiektu eta ekimen proposatu ditu Mendaroko EH Bilduk

Barren.eus 2021ko api. 7a, 09:03

 

Bi dirulaguntza-lerro berri martxan jartzea eskatuko dio EH Bilduk Udal gobernuari. Batetik, auto taxi zerbitzua deitu dutena martxan jartzeko; hau da herritarrak Osasun Zentrora edo ospitalera joateko erabili ahalko luketen zerbitzua martxan jartzeko (5.000 euro), eta bestetik, herriko ekonomia sustatzeko dirulaguntza lerro berriak martxan jartzeko: enplegua sortzera bideratutako dirulaguntzak, industri proiektu estrategiko eta berritzaileak bultzatzen dituzten inbertsio proiektuak eta genero-berdintasuna eta ekintzailetasuna sustatzeko dirulaguntzak (150.000 euro).
EH Bildutik nabarmendu dute Udalak dirua daukala, eta aldiz, herritarren "oinarrizko beharrizan batzuk" ase gabe daudela. Zerrenda bat osatu dute, eta behar horientzako diru-partidak ere zehaztu dituzte.
 
  • Herriko Enparantzan komun publikoa jartzea: 60.000 euro
  • Ospasko aparkalekua asfaltatzea: 250.000 euro
  • Udal eraikinetako teilatuetan plaka fotovoltaikoak jartzea: 150.000 euro
  •  Landa lurrak erosi eta kudeatzeko: 250.000 euro. Eukalipto arbolen landaketarekin kezkatuta agertu da EH Bildu eta "kanpoko enpresek - Mendaroko lurrak erosi baino lehen", neurri batzuk lehenbailehen hartzeko eskatu dute.
  • Kilimon Erreka eta Deba ibai bazterretan sareak jartzea, erreka eta ibaira plastiko eta bestelako zikinkeriak jausi ez daitezen: 25.000 euro
  • Mutriku, Deba eta Zumaiako Geoparkearen proiektuari lotuta, Arno-Izarraitzeko Karstaren interpretaziogunea martxan jartzeko. 25.000 euro
  • Herriko liburutegia berrantolatzeko eta eskaintza hobetzeko lanak eta materiala erosteko. 25.000 euro
  • Herrigunetik urrunen dauden biziguneetarako telefonia eta Internet "zerbitzu duinak" eramateko: 60.000 euro.
  • Ikastolako ikasgeletan eta bulegoetan, udaletxean, gimnasioan, ludotekan, gaztelekuan nahiz herriko taberna eta dendetan CO2 neurgailuak jartzea, Covid-19a zabaltzeko arriskua neurtu eta lokalen aireztapena modu egokian egin ahal izateko: 10.000 euro.
 
Horiez gain, ikerketak eta aurreproiektuak egiteko diru-partidak ere zehaztu dituzte. Honako hauek:
 
  • Etxebizitza beharren behatokia ikertzeko: 15.000 euro
  • Udaletxeko lanpostuen zerrenda eguneratzeko: 25.000 euro
  • Herriko merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko plana egiteko: 25.000 euro.
  • Toki-Alai taberna ikastolako haurren zaintza gela eta jangela bihurtzeko aukera aztertzeko. 10.000 euro
  • Mendarotik Elgoibarrerako bidegorria bideratzen hasteko: 20.000 euro.