Aste Santuan 13 kasu atzeman dituzte Elgoibarren eta bi Mendaron, eta 329ko eta 236ko intzidentzia-tasa dute, hurrenez hurren

Barren.eus 2021ko api. 6a, 12:36

 

Azkeneko zazpi egunetako datuak ageri dira gaur argitaratu duten txostenean. Bizi Berri III. Planeko adierazleei erreparatzen badiegu, azken hamalau egunetako intzidentzia-tasak 4,27 puntuan egin du gora Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian, eta 341,59koa da gaur. Oinarrizko birsorkuntza-tasak 1,06koa izaten jarraitzen du, baina ospitaleratutakoen kopuruak gora egin du. Atzo bertan, 50 lagun ospitaleratu zituzten. Guztira, 364 lagun daude ingresatuta, eta horietatik 105 lagun, Zainketa Intentsiboen Unitatean (duela lau egun baino 8 lagun gehiago daude gaur ZIUn). Atzo, 6.063 proba egin zituzten Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian, eta haietatik 529k positibo eman zuten.
 
Azken zazpi egunotako datuak bildu dituzte gaur argitara eman duten txostenean, baina arreta berezia jarri dute ostiraletik atzo artekoetan. 
  • Ostiralean, apirilaren 2an, 5.411 proba egin zituzten (3.307 PCR proba eta 2.104 antigeno proba) eta 524 kasu positibo atzeman zituzten (%9,7).
  •  Zapatuan, 6.508 proba egin zituzten (4.620 PCR eta 1.888 antigeno proba) eta 491k positibo eman zuten (%7,5). 
  •  Domekan, 6.514 proba egin zituzten (4.608 PCR proba eta 1.906 antigeno proba) eta 564 positibo atzeman zituzten ( %8,7).
  •  Atzo, astelehena, 6.062 proba egin zituzten (3.985 PCR proba eta 2.078 antigeno proba) eta 529 positibo atzeman zituzten ( %8,7).
 Astekako positiboen ehunekoari erreferentzia egiten dion grafikoari erreparatuz gero, beraz, positiboen portzentajeak gora egiten jarraitzen du. 
 
Debabarrenean
 
Gure eskualdean, 71 kasu zenbatu dira azkeneko bost egunetan. Egoerarik okerrean, Ermua dago, 524,38ko intzidentzia tasarekin, baina Soraluzek gainditu du 400eko intzidentzia-tasa. Hala ere, azkeneko bost egunetako kasuei erreparatuz gero, Eibarren okertu da gehien egoera. Izan ere, 35 kasu atzeman dituzte azkeneko bost egunetan.