Udalbusaren prezioa gehiegizkoa dela uste du Duintasunak, eta pentsiodunentzat eta behartsuenentzat doakoa izatea eskatu du

Barren.eus 2021ko mar. 31a, 09:47

Elgoibarko Gaurgeroa-Duintasuna pentsiodunen mugimendua bere poza adierazi du Elgoibarko Udal Gobernuak "amore eman" duelako, eta auzoetarako udal autobus zerbitzua martxan jarriko duelako.

"Oso albiste ona da Elgoibarko herritarrentzat, oro har, eta, batez ere, pentsiodunentzat, gure herriko irisgarritasun-arazoak gehien pairatzen dituztenak baitira", adierazi dute eta herritar askok zerbitzu hau lortzeko egindako lana balioan jarri dute. "Jende askoren lan hori gabe, ezinezkoa izango litzateke udala zuzentzen dutenei iritziz aldaraztea, ez baitute inoiz autobusa martxan jarri nahi izan", esan dute.

Hala ere, bidaia bakoitzagatik kobratuko duten prezioa, euro batekoa, "gehiegizkoa" dela uste dute pentsiodunen mugimenduko ordezkariek, eta honako galdera luzatu diote Udal Gobernuari: "Bidaia bakoitzeko euro bat familia guztiek ordaindu ezin duten prezioa da. Egia da pentsiodunek %50eko beherapena dutela, baina, Udal Gobernuko inor hasi al da pentsatzen pentsio baxua duen pentsiodun batentzat zer suposatzen duen prezio horrek?". Gabezia larritzat jo dute eta irtenbidea topatzeko lanean hasteko eskatu dio Gaurgeroa-Duintasunak Udal Gobernuari, hura sostengatzen duten alderdiei eta Udalean ordezkaritza duten indar politikoei. Herri barruko autobus zerbitzuak doakoa izan behar duela pentsiodunentzat, langabeentzat eta Elgoibarko sektore behartsuenentzat defendatzen dute. "Ezin da ulertu zerbitzu hori ekonomiaren ikuspegitik. Hori baino askoz gehiago da. Gure herriaren kohesiorako funtsezko tresna da", azaldu dute.
Era beean, Gaurgeroa-Duintasunak zehaztu du zerbitzuak udalerriko auzo guztietara iritsi gabe jarraitzen duela, eta Lurraldebusek ematen duen zerbitzutik kanpo dauden Elgoibarko auzoetara, Sigmatik Altzolara, zerbitzua emateko tramiteak arintzeko eskatu du.

∞Lotura duten albisteak: