400dik gorako tasa duten herriak itxiko ditu Jaurlaritzak, eta ostalaritzaren ordutegiak mugatu

Barren.eus 2021ko mar. 26a, 18:41

Euskadiko Plan Zibilaren Aholku Batzordeak (Labi) konfinamendu perimetralak ezarri ditu, eta ostalaritzaren ordutegiak mugatu. Azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 400eko intzidentzia tasa duten herri eta lurraldeak ixteko agindua eman du.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Euskadiko Plan Zibilaren Aholku Batzordea (Labi) bilerara deitu zuen gaurko, eta atzo zabaldu zen informazioa berretsi du Urkulluk bileraren ostean, alegia, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean dauden zenbait neurri zorrozteko erabakia hartu dute.

400etik gorako intzidentzia-tasa metatua duten udalerrietan eta lurraldeetan itxiera perimetrala ezarriko dute. Gaur gaurkoz, 164,64ko intzidentzia-tasa du Elgoibarrek, Mendaron 283,69koa da, eta Gipuzkoakoa 229,44an dago. Herriei eragiten dien konfinamendu perimetralaren kasuan, ondoko udalerrira joan ahal izango da erosketak egitera edo aire libreko kirola praktikatzera.
Konfinamendu perimetralaz gain, are gehiago murriztuko dituzte espazio itxietako ordutegiak, 06:30etik 09:30era eta 13:00etik eta 16:30era.

 • Martxoaren 29tik aurrera indarrean
Jaurlaritzak bihar, zapatua, jakinaraziko du zer herritan ezarriko dituzten neurri murriztaileak, eta martxoaren 29ko 00:00etatik aurrera izango ditu ondorioak. Gero, astelehenero eguneratuko dute finkatutako tasak eta parametroak gainditzen dituzten udalerrien eta lurralde historikoen zerrenda hori, eta jaieguna bada, hurrengo lanegunean.

Barnealdeko kirol-jarduerak, talde profesional eta federatuen entrenamendu eta lehiaketei dagozkienak izan ezik, ezingo dira lau pertsonako taldeak baino gehiago izan. Herri horietan kirol-instalazioetako aldagelak eta dutxak ixtea zehazten da, igerilekuetan izan ezik; horietan, gehieneko edukieraren% 35ekin erabili ahal izango dira, eta dutxak banaka erabili ahal izango dira.

400eko intzidentzia gainditzen duten udalerrientzat adostutako neurriez gain, gaurtik apirilaren 9ra eremu pribatuetan bizikideak baino ezingo direla elkartu erabaki du LABIk.