Asteon hamasei Covid19 positibo atzeman dituzte Elgoibarren, horietako hamar atzo

Barren.eus 2021ko mar. 26a, 15:47

Asteon gora egin dute atzemandako positiboek Elgoibarren. Aurreko astean, martxoaren 15etik 19ra bitartean, ez zuten positiborik atzeman herrian, eta bi positibo bakarrik zenbatu zituzten asteburuan. Aldiz, gora egin dute kasuek azken egunetan, atzo bereziki.

Azken lau egunetan hamasei Covid19 positibo atzeman dituzte Elgoibarren: 1 astelehenean, hiru matitzenean, bi eguaztenean eta 10 atzo, eguena. Honenbestez, pixka bat gora egin du intzidentzia-tasak. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko kasu metatuen tasa edo intzidentzia tasa 164,64koa da Elgoibarren (77,99koa zen joan den astelehenean, eskualdeko baxuena)

Mendaron positibo bat atzeman dute asteon, eguaztenean, eta 283,69an kokatzen da intzidentzia-tasa.

 • Labik hartuko dituen erabakien zain
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Euskadiko Plan Zibilaren Aholku Batzordea (Labi) bilerara deitu du gaurko (16:30), eta espero da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean dauden zenbait neurri zorrozteko erabakia hartzea.
Izan ere, albiste agentziek atzo aurreratu zutenez, Labiren batzorde teknikoak egindako proposamena aztergai izango dute bilera horretan: besteak beste, aurreko hamalau egunetan 100.000 biztanleko 400eko intzidentzia tasa duten herrietan eta lurraldeetan itxiera perimetrala berriro ezartzea eta ostalaritzaren ordutegia mugatzea aztertuko dute. Zehazki, Labiren batzorde teknikoak proposatu du perimetralki ixtea 5.000 biztanletik gorako udalerriak eta lurralde historikoak baldin eta intzidentzia metatua 400 kasutik gorakoa bada (Gipuzkoak 229,44ko intzidentzia-tasa du gaur). Gainera, toki horietako ostalaritzaren barruko ordutegia murriztea da asmoa: 06:30etik 09:30era goizez, eta 13:00etatik 16:30era arratsaldez.
Bestalde, LABI teknikoa osatzen duten adituek proposatutako neurriek ere eragina izango lukete kirolean. Barruko eremuetan egiten diren kirol-jarduerek (talde profesionalen eta federatuen entrenamenduei eta lehiaketei eragiten dietenak izan ezik) ezingo dute 4 pertsonako taldea gainditu.

Neurri murriztaileak ez dira izango Aste Santuko jai egunetarako bakarrik, Labiren asmoa baita gutxienez hogei bat egunerako luzatzea.

∞Lotura duten albisteak: