Debabarrenean 26 positibo atzeman dituzte azken orduetan, horietako bakarra Elgoibarren

Barren.eus 2021ko mar. 23a, 14:14

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak argitaratu du koronabirusaren bilakaeraren inguruko eguneroko txostena, eta horren arabera, atzo 26 Covid19 positibo atzeman zituzten Debabarrenako herrietan.

Ermuan atzeman zituzten gehienak, 17 guztira. Eremu gorrian dagoen eskualdeko herri bakarra da Ermua, 736,63ko intzidentzia-tasarekin. Eibarren lau positibo berri zenbatu zituzten atzo eginiko probetan, baina pixka bat behera egin du intzidentzia tasak, 214,75an kokatzeko. Mutrikun eta Soraluzen bina positibo hauteman zituzten eta kasu bat Elgoibarren (60,66). Hortaz, domekan baino hamar positibo gehiago atzeman zituzten atzo eskualdean: 16 positibo domekan eta 26 astelehenean.

2021 03 23 korodata elgoibar covid19 grafikoa 21erarte

 • Hego Euskal Herrian %4,6ko positibotasuna
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, atzo, orotara, koronabirusa atzemateko 11.878 proba egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta horietatik 552k eman zuten positibo; %4,6k. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako positibotasun tasa %4,5ekoa da eta Nafarroakoa %5,2koa.

Lurraldeka, Bizkaian 206 kasu zenbatu zituzten, Nafarroan 117, Gipuzkoan 114 eta Araban 110.

Ospitaleei egoerari dagokionean, ZIUetako presioa modu esanguratsuan arindu da azken orduetan: bederatzi lagun gutxiago daude Zainketa Intentsiboen Unitateetan. Atzo 48 ospitaleratze berri erregistratu ziren eta orotara 321 lagun daude ingresatuta; horietatik 81, ZIUn.

∞Lotura duten albisteak: