“Horian zer?” sentsibilizazio kanpaina jarri du martxan Debabarrena mankomunitateak

Barren.eus 2021ko mar. 22a, 17:29

Edukiontzi horian zein hondakin laga daitezkeen eta zein ez erakustea helburu duen kanpaina sustatuko du Debabarrena eskualdeko mankomunitateak, “Horian zer?” izenekoa.

Birziklatze-tasa igotzeko eta edukiontzi horiaren erabilera egokia egiteko sentsibilizazio kanpaina jarri du abian Debabarrenako Mankomunitateak, edukiontzi horian zer sartu behar denaren gaineko argibide zehatzekin.

Martxoaren 22tik 28ra arte iraungo du “Horian zer?” kanpainak. Iosu Arraiz, Mankomunitateko lehendakariak azaldu duenez, azaroan egindako azterketa batek erakutsi zien edukiontzi horian hainbat hondakin "desegoki" agertzen direla gure eskualdean. Honek birziklatze-prozesuan eragiten dituen arazoak aztertu ondoren, erabaki zuten herritarrengana jotzea. "Egitasmo hezitzailea da, Ecoembesekin batera garatu duguna. Gidaliburu bat banatuko dugu eskualdeko etxebizitza guztietara azalduz horian zein hondakin utzi daitezkeen eta zein ez. Herritar guztiengana iritsi nahi dugu, gaikako bilketa hobetzeko nahitaezkoa delako guztion inplikazioa. Horretarako biderik hoberena sentsibilizazioa eta jakintza zabaltzea da. Guztiok ulertu behar dugu edukiontzi bakoitzean zein hondakin utzi daitezkeen eta zein ez, gure ohiturak zuzentzeko eta gure eraginaz kontziente izateko".
 • Gidaliburu hezitzailea
“Horian zer?” gidaliburu hezitzailea banatuko dute eskualdeko etxe guztietara aste honetan, elebitan. “Batzuetan ezjakintasuna da oker birziklatzeko faktoreetako bat, horregatik sortu dugu gidaliburu esplikatiboa Ecoembes-ekin batera. Bisualki eta irudien bidez, erraz ulertzeko moduan azaltzen dira horira bota daitezkeen ontzi arinak eta bota ezin daitezkeen gainerako plastikoak. Esaterako, ontziak ez diren plastikozko eta metalezko objektuak, besteak beste, etxeko plastikozko tresnak edo tupperrak, ezin dira edukiontzi horian utzi. Helburua da eragina izatea eta herritarrek birziklatzerako orduan hobeto identifikatzea edukiontzi horira zer bota daitekeen eta zer ez".

 • Eibarko edukiontzi inguruetan informazioa
Agifes elkartearekin ere bat egin du Mankomunitateak kanpaina honetan. Elkarteko kideak Eibarko Urkizuko eta Dos de Mayoko anbulategiko edukiontzi guneetan egongo dira asteartean, asteazkenean eta ostiralean 11:30etatik 13:00etara herritarrei informazioa helarazteko eta birziklatzean dituzten zalantzak erantzuteko.