Iaz 7.150 euro bideratu zituen Udalak berdintasunaren alde lan egiten duten herriko elkarteetara

Barren.eus 2021ko mar. 17a, 19:11

2020an emakume eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko programak garatzen dituzten elkarteei emaniko laguntzen berri eman du Elgoibarko Udalak.

Guztira 7.150 euro bideratu zituen Udalak iaz berdintasunaren alde lan egiten duten herriko elkarteetara. Bi dirulaguntza lerro atera zituen 2020. urte hasieran: bata emakumeen elkarteentzat eta bestea berdintasunaren arloan lan egiten duten herriko elkarteentzat orokorrean.

Udalak adierazi duenez, genero berdintasuna sustatzea da diralaguntzen helburua, "Elgoibar berdintasunean eraikitzeko eta guztiontzat herri atsegina eta segurua izan dadin". Helburu horiek gizarte guztiaren inplikazioa beharrezkoa dela nabarmendu dute, eta horregatik sinisten dutela eragileekin lankidetzan aritzearen garrantzian, "elkarlanean lanketa sakonagoa egiten dugulako eta gizarteko kolektibo desberdinetara iristen garelako".

Emakume eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko programa zehatzak garatzen dituzten Elgoibarko elkarteentzat ekintzak finantzatzeko dirulaguntza lerroaren baitan eman zaio 1.150 euroko dirulaguntza Ongarri Zine Klubari, film proiekzio feminista aurrera eraman ahal izateko.

Emakume eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko programa zehatzak garatzen dituzten Elgoibarko emakumeen elkarteentzat dirulaguntza lerroan, berriz, Haizea Emakumeen Kultur Elkarteak eta Loreak Emakume taldeak, bakoitzak 3.000 euroko dirulaguntza jaso du ahalduntze feminista eta gorputz ikusezinak programak burutzeko.