Zuhaitz Eguna ospatu zuten Mendaron zapatuan. Udalak deituta, 50 bat lagun aritu ziren zuhaitzak landatzen, herri-lurretan, Txitxirrika aldean. 8.000 metroko lur-sailean 175 pago-landare eta beste horrenbeste haritz-landare sartu zituzten, eta azkeneko dozena batzuk eskola-umeek eurek landatu zituzten, Arno Guraso Elkarteak bat egin zuelako Udalak egindako deialdiarekin.
Goizean goiz abiatu ziren haurrak eta gurasoak mendira. 9:30ean zuten ordua jarrita Herriko Enparantzan, eta taldetan banatuta, egin zuten gorako bidea, oinez, mojen bidetik gora. Txitxirrika baserriaren ondoko lurretan, herri-lurretan, landatu zituzten arbolak, Etxabe baserriaren azpiko maldan. Aitzurrak eta babesak hartuta gustura ibili ziren umeak, maldan gora eta behera. Txikienak iritsi zirenerako landatuta zeuden gehienak, baina haiei ere babesak jarri zikieten haur eta gurasoek, orkatzak eta bestelako animaliek zuritu ez zitzaten. Eguerdira arteko lana izan zuten. Ondoren, beherako bidea hartu zuten, Kilimon Trail mendi lasterketaren bidetik batzuek eta errepidez besteek.
∞Lotura duten albisteak: