Astebarruan sei positibo gehiago zenbatu dituzte Elgoibarren eta bi Mendaron

Barren.eus 2021ko mar. 12a, 15:46

Elgoibarren sei koronabirus kasu positibo atzeman dituzte astelehenetik eguenera -aurreko astean baino bat gehiago-, eta Mendaron bi positibo atzeman dituzte, aurreko asteko kopuru bera.

Joan den astearekin alderatuta positibo bat gehiago atzeman dute Elgoibarren asteon: 1 eguenean, 1 eguaztenean, 1 martitzenean eta 3 astelehenean. Intzidentzia-tasa 129,98an dago, eremu horian hortaz. Mendaron bi positibo atzeman dituzte azken lau egunetan, kasu bana astelehenean eta martitzenean, eta azken bi egunetan ez dute kasu bakar bat ere atzeman. Intzidentzia-tasa 236,41ean dago Mendaron.

Eskualdean gora egin dute kutsatze datuek. Debabarreneko herrietan 27 positibo atzeman zituzten atzo, eguena, eginiko PCR eta antigeno probetan, aurreko egunean baino hamar gehiago. Ermuan 14 positibo atzeman zituzten atzo, eta eremu gorrian jarraitzen du (586,80). Eibarren sei kasu berri zenbatu zituzten atzo, eta eremu laranjan sartu da 313,02ko intzidentzia-tasarekin. Mutrikun, Deban eta Mallabian bina kasu atzeman zituzten, eta Elgoibarren bat.

Hego Euskal Herrian ere gora egin dute kasu positiboek, azken egunetako joerari eutsiz. Guztira 447 kasu atzeman zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 7.291 test diagnostiko egin zituzten, eta 380 kasu positibo zenbatu zituzten. Lurraldeka aztertuta, Bizkaian 196 positibo baieztatu zituzten, 138 Gipuzkoan eta 44 Araban. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren bi lagunek ere positibo eman zuten PCR eta antigeno probetan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %5,2koa da positibotasun tasa. Nafarroan, aldiz, 1.907 proba egin zituzten eta 67 kasu atzeman zituzten. Positibotasun tasa %3,5ekoa da Nafarroan.
Ospitaleen egoera dela eta, COVIDaren ondorioz 41 pertsona ospitaleratu ziren atzo, eta COVIDa duten 95 pertsona ZIUn daude. Oro har, behera egin dute erietxeetako datuek azken astean.

∞Lotura duten albisteak: