Koronabirus agerraldiren bat atzematen bada baheketak egingo dira auzo, ikastetxe edo etxebizitza blokeetan

Barren.eus 2021ko mar. 9a, 13:30

Urtarrilaren 13tik indarrean zegoen udalerrien konfinamendu perimetrala bertan behera geratu da, gaur bertan indarrean sartu den Jaurlaritzaren dekretu berriarekin, baina bestelako berritasunak ere baditu, COVID-19aren agerraldiren bat dagoenean baheketak egingo dituztela, besteak beste.

Atzo EAEko aldizkari ofizialean argitaratu den Dekretuak moldatu egingo ditu indarrean dauden neurri guztiak, eta gaur sartu da indarrean, 00:00etan. Jaurlaritzak Dekretuak ezartzen dituen neurriei buruzko ohiko galderen erantzunak jasotzen dituen dokumentua eguneratu du.

Udalerrien itxiera perimetrala bertan behera lagatzea erabaki zuela jakitera eman zuen Labik barikuan, eta gaurtik aurrera mugitzea libre izango da Araba, Bizkai eta Gipuzkoa artean. Dekretuak bestelako berritasunak ere baditu. Estreinakoz jasotzen du COVID-19aren agerraldiren bat dagoenean baheketak egingo direla; besteak beste, transmisio komunitarioa duten auzoetan, zentro soziosanitarioetan, ikastetxeetan, etxebizitza blokeetan, kolektibo zaurgarrienetan,...
Honela jasotzen du Dekretuak:
2.– Baheketa diagnostikoak talde espezifikoetan.
Agerraldi epidemikoren bat izanez gero, edo egoera epidemiologikoak hala egitea gomendatzen duenean, indarrean dauden zaintza epidemiologikoko protokoloetan jasotako infekzio aktiboa detektatzeko probekin (IADP), Osasun Sailak eta Osakidetzak ezarritako zirkuituen arabera, baheketak egingo zaizkio arriskuko eta arriskupean egon daitekeen biztanleriari (adibidez: zentro soziosanitarioetan, transmisio komunitarioko auzoetan, ikastetxeetan, eraginpeko etxebizitza-blokeetan, kolektibo kalteberetan, etab.).

 • Eskola Kirola martxan
Jaurlaritzak laga egin dio udalerri batzuetan neurriak zorrozteko erreferentzia gisa 500 kasuren intzidentzia tasa erabiltzeari. Ez dute beharrezko ikusten gero eta herri gutxiagok dutelako positibo kopuru hori.
Horrek eragin zuzena izango du eskola kirolean. Aurrerantzean aukera egongo da eskola kirola udalerri guztietan martxan jartzeko.

Ostalaritzari dagozkion murrizketak indarrean egongo dira, eta txokoak, elkarte gastronomikoak, lonjak eta antzekoak, itxita. Jarduera edo ekitaldi kultural edo sozialik ezingo da 21:00ak baino beranduago amaitu, eta debekatuta dago mota guztietako establezimenduetan alkohola saltzea 21:00etatik 08:00etara bitarteko ordutegian. Era berean, debekatuta dago alkohola bide publikoan kontsumitzea ere.

Dekretuak jasotzen duen beste berritasun bat da establezimendu eta erabilera publikoa duten leku itxi guztiak aireztatu egin behar direla.
"Erabilera publikoko establezimenduek eta tokiek aireztapen iraunkorra bermatu beharko dute egunean zehar, eta lokalak ireki eta ixten direnean ere bai. Aireztapena mekanikoa bada, kanpoko airearen sarrera maximizatu beharko da, eta airearen birzirkulazioa saihestu. Aireztapen- eta girotze-sistemek indarrean dagoen araudiaren arabera eraikinetan eta lokaletan jarduteko eta mantentze-lanak egiteko gomendioak bete beharko dituzte", dio dekretuak.

Haur eta gaztetxoen aisialdiari dagokionez, edozein jarduera gehienez sei laguneko taldeetan egin beharko da, eta, ahal den neurrian, aire zabalean. Gaua pasatzera joateko, aterpetxeen edo gisakoen edukiera erdira murriztuko da. Kanpin dendetan pertsona bakar batek egin dezake lo, bizikidetza unitate bereko kideen kasuan salbu.

Lan eskaintza publikoak egiteko protokoloa ere zehaztu du dekretuak: prozesu selektiboak, tituluak lortzeko azterketak edo antzekoak egiten diren tokietan gehienezko edukiera erdia izango da. Gainera, azterketak antolatzen dituenak COVID-19aren aurkako protokolo bat izan beharko du.

 • Indarrean jarraituko duten neurriak
Era berean, honako neurriek indarrean jarraituko dute:

  • Gehienez lau pertsonako taldeak
  • Gaueko mugigarritasuna mugatzea, 22:00etatik 06:00etara.
  • Merkataritza- eta kultura-jarduerak bertan behera uzteko gehieneko ordutegia 21:00ak.
  • % 40ko edukiera 150m2-tik gorako merkataritza-establezimenduetan, eta % 60koa, 150m2-ra arteko azalera dutenetan. Edukierak murriztuta daude, halaber, kultura- eta gizarte-ekitaldi guztietan.
  • Gehieneko edukia mugatuta dago kultu-zentroetan, % 35ean.
  • Musika -eta ahots- entseguak eta emanaldiak bertan behera uztea.

Hogei egun barru berrikusiko ditu Labik neurriok: hau da, Aste Santua baino lehen. Orduan aztertuko du berriro egoera epidemiologikoa, eta horren arabera erabakiko ditu hurrengo urratsak.