Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordearen (Labi) batzorde teknikoak COVID-19ari aurre egiteko neurri murriztaileak arintzea erabaki du, eta mugimenduak baimenduko dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako mugen barruan. Jaurlaritzak astelehenean argitaratuko du neurri hori jasoko duen dekretu berria eta martitzenetik egongo da indarrean, eta gutxienez beste hogei bat egunean egongo da indarrean.
Hala ere, Gainerako neurriek indarrean jarraituko dute. Eutsi egingo zaio 22:00etatik 06:00etara arteko etxeratze aginduari, gehienez lau laguneko taldeetan biltzeko mugari, tabernak 20:00etarako itxi beharko dituzte ateak eta merkataritza eta kultura jarduerak 21:00etarako bukatu beharko dute.
• 60 kasuren intzidentzia tasa helburu
Indarrean jarraituko duten gainerako neurriak mantentzea dela "zuhurrena" adierazi du Iñigo Urkullu lehendakariak, eta neurri horiek gehiago malgutzeko egoera epidemiologikoak hobera egin beharko duela azaldu du. Helmuga edo helburu bat ere aipatu du: 100.000 biztanleko hamalau eguneko 60 kasuko intzidentzia tasa. Kopuru horretara iristea jarri du helburutzat hiru lurraldeetan, eta herritar guztien konpromisoa beharrezkoa izango dela esan du.
Jaurlaritzak orain arte neurriak zorrozteko erreferentzia moduan erabiltzen zuen neurgailu bat erabiltzeari lagako diotela ere argitu du Lehendakariak, 500 kasuren intzidentzia tasa, alegia. Ez dute beharrezko ikusten gero eta herri gutxiagok dutelako positibo kopuru hori. Horrez gainera, ostalaritza guneek eremu gorrian egon arren ateak itxi behar ez dituztenez, taldeko kirola eta eskola kirolarengan bakarrik zuen eragina neurgailu horrek.
Eguberrien ostean, neurriak zorroztu zituen Labik, eta urtarrilaren 25az geroztik, udalerri guztiak perimetralki itxi zituen. Neurri hori pixka bat arindu eta mugakide diren udalerrien arteko mugikortasuna baimendu zuen gero otsailaren 15etik aurrera.