Elgoibarko Udalak Euskadi Lagunkoia programarekin bat egin zuen 2018an, eta 'Elgoibar Lagunkoia' egitasmoa jarri zuen abian. Helburua da, herritar guztien artean herriko auzoak eta inguruak hobetzea, adineko pertsonak aintzat hartuta. Asmo horretan, orain beste ekimen bat jarriko dute abian, "Establezimendu Lagunkoia" izeneko kanpaina. Programa honen bitartez, aholku bidezko hezkuntza jasoko dute merkatariek eta ostalariek, eta kostu txikiko edo kosturik gabeko hobekuntzak eginda, negozioei bezero adinekoagoak erakartzen lagunduko diete. Alegia, establezimendua bezeroarentzako lagunkoiago egiteko bidea.
• Ekimenaren aurkezpena martxoaren 24an
‘Establezimendu Lagunkoia’ aurkezteko ekitaldi bat antolatu du Udalak. Aita Agirre kulturgunean izango da, martxoaren 24an, eguaztena, 14:45ean. Kanpaina honi esker, merkatariek oso erraz eskuratu ahal izango dute lagunkoitasun zigilua, beren establezimenduetan jartzeko. Elgoibar lagunkoiak udalerriko establezimenduak ekimen honetan izena ematera gonbidatu ditu. "Euren establezimenduak bezeroentzat lagunkoiagoak izaten eta adinekoen beharretara egokitzen laguntzen lagunduko diegu". Negozientzako aukera ona dela nabarmendu dute ekimenaren sustatzaileek, besteak beste, adinekoak saltoki txikietara sarritan joaten direlako eta "zerbitzu ona jasoz gero leialtasunarekin saritzen" dutelako. Era berean, onurak ere zerrendatu dituzte: Pertsona guztientzako arretaren kalitatea hobetzea, ez bakarrik adinekoentzako arretarena, segurtasun eta erosotasun handiagoko espazioak sortzea eta hazteko ahalmen handia duen merkatu-segmentu bat "erakarri eta fidelizatzea.
• Izen ematea, martxoaren 16a baino lehen
Interesa duten establezimenduek honako lotura honetan eman dezakete izena (https://labur.eus/establezimendulagunkoia) edo posta elektroniko bidez (elgoibarlagunkoia@elgoibar.eus). Martxoaren 16a baino lehen egin beharko dute.
∞Lotura duten albisteak: