Zabalik dago 2021erako Gizarte Larrialdietarako Laguntzak eskatzeko epea

Barren.eus 2021ko mar. 1a, 09:41

Elgoibarko Udalak, aurten, 190.000 euroko diru-poltsa bideratuko du Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara, iaz baino 15.000 euro gehiago. 2020an, pandemiak markatutako urtean, 2019an baino 23 laguntza gehiago eman ziren, eta 23.744,29 euro gehiago inbertitu.

Elgoibarko Udalak Gizarte Larrialdietarako 2021eko Laguntzak (GLL) eskatzeko epea zabaldu du; 2021eko azaroaren 26a bitartean egongo da aukera eskaerak egiteko. Gizarte Larrialdietarako Laguntzak, gizarte bazterkeriari aurre egin eta bazterketa pertsonal, sozial eta laborala arintzeaz gain, hori bizi duten pertsonen egoera normalizatzen eta gizarteratzen laguntzeko xedea duten baliabide ekonomikoak dira.

Laguntzak honako gastuei aurre egiteko erabiliko dira:

  • Etxebizitza mantentzeko edo ohiko lojamendurako
  • Etxebizitzaren alokairurako, azpierrentamendurako, alokairu partekaturako, ostaturako/apopilotzarako edo logelaren alokairurako eskaerak artatuko dira
  • Hipoteka kreditua ordaintzea

Udalak 190.000 euroko aurrekontu partida erreserbatu du 2021eko kontuetan, iaz baino 15.000 euro gehiago. Gainera, behar den orotan partida egokitu eta osatzeko gaitasuna duela azaldu du Udalak. 2021eko aurrekontua osatzerako garaian kontuan izan da 2020ko urteak izan duen bilakaera eta horrekin batera Covid-19ak aurtengoan izango duen eragina ere bai. Ane Beitia alkateak azaldu du 2020 urtea urte berezia eta zaila izan dela. "Errealitate berri baten aurrean izan gara eta egoera berri horretara ahalik eta era eraginkorrenean eta azkarrenean egokitzeko estrategia eta baliabideak martxan jarri behar izan ditugu eskaerak kudeatzerakoan. Bide beretik jarraitzea da gure helburua: unean-uneko beharrei erantzun, azkar, eta egoera gainditzeko mekanismoak eman, herritar ororen ongizatea bermatu eta bizi proiektu duina bultzatuz”.

Eskaerak Elgoibarko Arreta Zerbitzuan egin behar dira, eta Gizarte Zerbitzuetako teknikariek azterketa indibiduala egingo dute.

 • 2020an 246 eskaera, eta 194.657 euro laguntzetan
Koronabirusaren pandemiak eragina izan du 2020ko Gizarte Larrialditako Laguntzetan. 2020ko martxoaren 14an alarma egoera ezarri zen eta ordutik aurrera GLL prozedura errealitate berrira egokitu behar izan du Elgoibarko Udaleko Gizarte Zerbitzuen Sailak. "Errealitatera egokitze horretan, lehentasuna, erabiltzaileei tramitea erraztu eta ahalik eta dokumentazio gutxienarekin eskaerak tramitatzea izan da, hau da, laguntzak ahalik eta denbora tarte txikienean ebaztea", adierazi dute.

2020 urte hasieran Eusko Jaurlaritzatik 100.601 euro eman zizkion Elgoibarko Udalari, pertsona kalteberen artean banatzeko, GLL barruan. Jaurlaritzak laguntza hori handitu zuen martxoaren 25ean, covid-19ak sortutako beste behar batzuei aurre egiteko. Elgoibarri 69.982 euroko diru-poltsa egokitu zitzaion. Hortaz, Elgoibarko Udalak guztira 170.583 euroko aurrekontua jaso du 2020an Eusko Jaurlaritzatik.

2019an 223 eskaera egon ziren eta gastu totala 170.821,67 eurokoa izan zen eta 2020an, aldiz, 246 eskaera egon dira, eta gastua 194.656,96 eurokoa izatera igaro da. Iaztik ona 23 eskaera gehiago egon dira eta 23.744,29 euro gehiago inbertitu dira.

Gizarte Larrialdietarako Laguntzek eskaintzen duten kontzeptu bakoitzeko egin diren gastuak honakoak izan dira:

  • Etxebizitzaren mantenuari eta energia gastuei aurre egiteko eskaerei dagokienez, 122 eskaera egon dira, eta kontzeptu hori dela eta 66.791,59 €-ko gastua egin da.
  • Alokairua ordaintzeko kontzeptuari erreparatuz gero, gastu horri aurre egiteko 50 eskaera egon dira, eta guztira, gastua 83.001,18 €-koa izan da.
  • Etxebizitza ordaintzeko hipoteka kredituarekin lotutako maileguak ordaintzeko laguntzari dagokionez, 8 eskaera egon dira eta 18.977,90 €-ko gastua egon da.
  • Lehen mailako premiei dagokienez, 47 eskaera egin dira eta 13.347,26 € bideratu dira kontzeptu honetara.
  • Aurretiko zorpetzeari dagokion kontzeptuari erreparatuz, 15 eskaera egon dira eta 11.909,43 €-ko gastua egin da.
  • Bizigarritasun eta oinarrizko ekipamenduetarako zuzendutako gastuei dagokienez, 4 eskaera egon dira eta 629,60 €-ko gastua eragin du horrek.

 • Onuradunen %62a emakumezkoak
Eskatzaile kopuruari dagokionez, 2020 urtean eskatzaile kopurua iazkoa baino zertxobait handiagoa izan da. 2019an 130 eskatzaile izatetik 141 eskatzaile izatera igaro da. Eskatzaileen artean, aipagarria da laguntzak eskatzen dituzten emakumeen eta gizonen arteko aldea gero eta handiagoa dela. Aurten, onuradunen %62a emakumezkoak izan dira, eta %38a, gizonezkoak. Eskatzaile horien nazionalitateari erreparatuz, aurten, eskatzaile nazionalen kopurua mantendu egin da, bi gehiago izan dira, eta atzerritar onuradunen kopurua igo egin da: iaz 73 eskatzaile izatetik 85 eskatzaile izatera igaro da. 2020ko GLLen eskatzaileen artetik, 50 bakarrik bizi dira, pertsona bateko familia unitateak sortuz, eta 80, familiarekin. Orotara, 130 pertsona izan dira eskabidea egin dutenak.

Udalak jakitera eman duenez, "alarma egoera honek" tramitatutako eskaera motetan ere eragina izan du. Aurreko urteetan gehien tramitatutako laguntzak etxebizitzako energia eta mantenu laguntzak izan diren arren, aurten, aurretiko zorpetze eskaerek nabarmen egin dute gora. "Izan ere, aurretiko zorpetze kontzeptuaren bidez, Covid-19 dela eta lana galdu duten eta Eusko Jaurlaritzako alokairu libreko laguntzak jasotzeko eskubiderik ez dituzten onuradunei alokairuaren osotasuna ordaintzea lortu da".