Elgoibar zein Mendaro, eremu gorritik kanpo

Barren.eus 2021ko ots. 25a, 14:14

Astelehenero eta eguenero eguneratzen du Jaurlaritzak azkeneko hamalau egunetan 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago dituzten udalerrien zerrenda, eta COVID19aren eremu gorritik kanpo daude Mendaro zein Elgoibar.

Gutxigatik baina eremu gorrian zegoen Elgoibar astelehenean. Gaur, aldiz, eremu gorritik kanpo dago Jaurlaritzak eguneratuta eman duten udalerrien zerrendan. Azken asteetan asko apaldu da eremu gorrian dauden herrien zerrenda. 5.000 biztanletik gorako lau herri daude gorrian: Derio (852,49), Oñati (1360,31), Santurtzi (689,99) eta Sopela (516,13).

Are gehiago mehetu da 5.000 biztanletik beherako 'herri gorrien' zerrenda Valdegovía/Gaubeak (1033,83) bakarrik jarraitzen baitu zerrenda horretan.

 • Eskola Kirola eta kirol entrenamenduak
Hala, indarrean dagoen 7/2021 dekretuaren arabera, Eskola Kirola eta federatuen entrenamenduak baimenduta egongo dira bihartik aurrera Elgoibarren zein Mendaron. Aldi berean, intzidentzia tasa 500etik beherakoa izanda, mugakideak ez diren herrietatik eta herrietara ere mugi daiteke kirola egitera federatu eta profesionalen entrenamenduetarako zein programatutako ikastaroetara joateko. Sanlo eskubaloi taldeak aurreratu du barikutik aurrera martxan jarriko dituztela talde guztien entrenamenduak.
 • Positibo bakarra izan da Elgoibarren azken orduetan
Debabarrenean sei koronabirus positibo atzeman zituzten atzo, aurreko egunean baino hamar gutxiago. Horietako bost Eibarren atzeman zituzten eta beste bat Elgoibarren. Gaur gaurkoz, 398,61an intzidentzia-tasa Elgoibarren. Mendaron ez dute kasu positibo berririk atzeman, seigarren egunez jarraian. Intzidentzia tasa 567an dago.

 • 402 kasu positibo
Osasun Sailak 10.179 test diagnostiko egin zituen atzo, eta, horietatik, 402 positiboak izan ziren. Lurraldeen arabera: 78 Araban, 219 Bizkaian, 103 Gipuzkoan eta 2 Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi diren pertsonetan. Nafarroan, aldiz, 3132 proba egin zituzten, eta horietatik 81 izan ziren positiboak, positibotasun-tasa %2,6 izanik.

COVID-19aren ondorioz 57 pertsona ospitaleratu ziren atzo Osakidetzako ospitaleetan, eta ZIUetan 129 pertsona daude COVID-19ak jota.

∞Lotura duten albisteak: