Eremu gorrian jarraitzen duten 11 herrietako bat da Elgoibar

Barren.eus 2021ko ots. 18a, 16:02

Azkeneko hamalau egunetan 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago dituzten udalerrien zerrenda eguneratu du Eusko Jaurlaritzak, eta 5.000 biztanletik gorako 11 herri daude eremu gorrian (35 ziren astelehenean, otsailaren 15ean), tartean Elgoibar. Era berean, 5.000 biztanletik beherako "herri gorrien" zerrendan dago Mendaro, beste zortzi herrirekin batera.

Zerrenda hori astelehenero eta ostegunero eguneratzen du Jaurlaritzak, eta biharamunean sartzen da indarrean. Eremu gorrian dauden udalerrietan, eskola kirola bertan behera gelditzen da, baina jada ez da ostalaritza itxi beharrik, justiziak hala erabaki zuelako. Era berean, eskola kirolak ere ez du baztertzen auzitegietara jotzea.

Azken datuen arabera nabarmen egin du behera eremu gorrian dauden herrien kopuruak. 5.000 biztanletik gorako 35 herri zeuden zerrenda horretan astelehenean eta 11 daude gaur eguneratuta eman duten zerrendan: Berango, Bergara, Bermeo, Derio, Elgoibar, Getxo, Gorliz, Güeñes, Oñati, Santurtzi eta Sopela. Elgoibarren lau positibo atzeman zituzten atzo eginiko PCR eta antigeno probetan eta 814,56an dago intzidentzia-tasa.

Era berean, honako hauek osatzen dute 5.000 biztanletik beherako "herri gorrien" zerrenda: Barrika, Lantarón, Lemoiz, Lezama, Loiu, Mendaro, Plentzia, Urduliz eta Zamudio. Mendaron ez zuten positibo berririk atzeman atzo eginiko probetan, baina 1229,31koa da intzidentzia-tasa.
Debabarrenean hamar positibo gehiago zenbatu dituzte azken 24 orduetan, aurreko egunean baino 9 gutxiago. Hortaz, eskualdean ere behera egin dute positiboek. Eibarren lau positibo atzeman zituzten eta bi Ermuan.

 • Hego Euskal Herrian 641 positibo
Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren osasun sailek emandako datuen arabera, 13.229 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo lau lurraldeetan, eta 641 positibo izan ziren: 341 Bizkaian, 133 Gipuzkoan, 81 Araban eta 78 Nafarroan. Bestalde, EAEtik kanpoko herritarren zortzi kasu ere atzeman zituen Osakidetzak. Positibotasun-tasa %5ekoa da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eta %4,1ekoa Nafarroan.
Ospitaleen egoera dela eta, COVIDaren ondorioz 68 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta COVIDa duten 153 pertsona ZIUn daude.

∞Lotura duten albisteak: