Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) Aholku Batzordea batu da gaur, eta indarrean dauden neurri murriztaileen inguruan erabakiak adostu dituzte. Bi aldaketa nagusi egongo dira; mugikortasunari eta kirolari eragiten diotenak, hain zuzen ere.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerrien itxiera perimetralak bere horretan segituko du, baina mugakide diren udalerrien arteko joan-etorriak baimenduta egongo dira jarduera sozioekonomikoak egiteko eta aire zabalean kirola egiteko. Hala, esaterako, Maltzagatik haruntzago joan ahal izango dute elgoibartarrek astelehenetik aurrera. Bidegorrian Maltzagako zubitik aurrera joatea galerazten zuten zintak jarrita egon baitira. Mendaro eta Elgoibar arteko joan-etorriak ere baimenduta egongo dira, besteak beste.
Baimenduta egongo da udalerrien artean mugitzea kasu hauetan: lehiaketa profesionala edo erdi profesionala egiten duten taldeen entrenamenduetarako eta lehiaketetarako; eremu gorrian ez dauden udalerrien arteko joan-etorriak baimenduta egongo dira, halaber, kirolari federatuen lehiaketa eta entrenamenduetarako, eskola kiroleko entrenamenduetarako, eta gimnasio, kirol klub edo kiroldegietako ikastaro edo jardueretan parte hartzeko.