"Pentsio publiko duinak eta bidezkoak" eskatzeko manifestazioa egingo dute zapatuan Elgoibarren

Barren.eus 2021ko ots. 10a, 10:09

Gaurgeroak, Hego Euskal Herriko pentsiodunen koordinakundeak deituta, manifestazioak egingo dituzte zapatuan (otsaikak 13) Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Elgoibarko Pentsiodunen Mugimenduak bat egin du deialdiarekin eta manifestazioa antolatu dute.

 Elgoibarren egingo duten manifestazioa Kalegoen Plazatik irtengo da, 12:00etan, eta Elgoibarko Pentsiodunen Mugimenduko ordezkariek parte hartzera gonbidatu dituzte herritar guztiak, "pentsio publiko duin, bidezko eta nahikoen alde elkarrekin borrokatzeko".
Urtarrilaren 15an bete ziren hiru urte pentsio duin eta publikoen aldeko mobilizazioak hasi zituztenetik eta, eskatzen dutena lortu arte, borrokatzen jarraituko dutela argi daukate. 2018ko urtarrilaren 15ean egin zen lehen kontzentrazioa "egun historiko" gisa definitu dute, eta urte hauetan izandako lorpenetako bat azpimarratu nahi izan dute: pentsioak "gehiago ez okertzea, hainbat urtez izoztuta egon ostean edo 0,25eko igoera kaxkarraren ostean".

Gaurgeroak zapaturako iragarri dituen mobilizazioetan euren aldarrikapenak Toledoko Itunean jasotzea eskatuko dute, besteak beste, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea eta jasangarritasun faktorea ezabatzea. Izan ere, salatu dute Toledoko Itunak pentsiodunen aldarrikapen nagusiak "baztertu" egin dituela eta Kongresuaren bozketaren ostean, "murrizketak ekarri zituzten 2011 eta 2013ko erreformek indarrean" jarraitzen dutela.

2021 02 10 2020 12 02 Duintasuna elgoibar prentsaurrekoa arkupeetan


Zapatuan manifestazioa egiteko arrazoiak jarraian irakur dezakezuen idatzian jaso ditu Elgoibarko Pentsiodunen Plataformak.

Gure belaunaldirako eta ondorengoetarako pentsio publiko duinen alde manifesta gaitezen otsailaren 13an

Elgoibarko eta Gipuzkoako pentsiodunok otsailaren 13ko mobilizazioan parte hartzeko deia egiten dugu. Toledoko Itunaren gomendioak aplikatzeak ekar diezagukeenarekiko kezka azaldu nahi dugu.
Lehenik eta behin esan, 1985etik aurrerako Espainiar Gobernu guztiek Pentsio Publikoen erreformaren bidetik jo dutela, sistemaren bideragarritasuna zalantzan jarriz behin eta berriz. Gure kezka da gomendioek pribatizazioari bidea irekitzen diotela, Munduko Bankuak 1994an argitaraturiko Txostenak proposatzen zuenari jarraituz.
Pentsioen Sistema Publikoa ongizate-estatuaren ardatza da, eta ezinbestekoa da gizarte-babeserako, elkartasuna bermatzen duen gizarte-ituna baita, berdintasunaren eta gizarte-legimitatearen euskarri gisa. Zentzu horretan, bizi dugun pandemiaren krisiak agerian utzi du erakunde publikoek Zerbitzu Publikoak indartu behar dituztela, eta pentsiodunok ere ildo beretik, Pentsio Publikoak ez pribatizatzeko eskatzen dugu, indartu baizik, besteak beste, merkatuek ezin dutelako beren etorkizuna bermatu.
Gure borrokari esker, gezur handiak agerian utzi ditugu: Gizarte Segurantza Publikoa jasanezina dela, 2011ko eta 2013ko erreformak eta murrizketak beharrezkoak zirela eta KPIren arabera errebalorizatzeko ezintasuna dagoela. Halaber, agerian geratu da kotizazio sozialak nola desbideratu diren, Estatuak prestazio kontributiboez bestelako politikak finantzatzeko erabili baititu. Pentsio Publikoen Funtsa 67.000 milioi eurokoa zen 2011n.
Estatuko Aurrekontu Orokorra onartzea ahalbidetu zuen gehiengoaz baliatuta, Espainiako Estatuari eskatu nahi diiogu ondorengo aldarrikapenak jaso ditzala lege argi baten bidez:

  1. Gutxieneko Pentsioa 1080 eurora iristea eta Lanbide arteko Gutxieneko Soldata 1200 euroraino igotzea. Neurri horiek gizonen eta emakumeen arteko pentsioetan eta soldatetan genero arrakala leuntzen lagunduko lukete.
  2. Genero-arrakalarekin amaitzea, besteak beste, alarguntza-pentsioa oinarri arautzailearen % 100eraino handituz.
  3. Diru publikoarekin sustatutako pentsio-plan pribatuak ez bultzatzea.
  4. Jasagarritasun faktorea bertan behera uzteaz gain, horren ordez sorturiko bizi-itxaropenean oinarrituriko beste edozein doikuntza-indize alboratzea.
  5. Pentsioak kalkulatzeko epea 15 urtetik 25 urtera luzatzea indargabetzea, eta zer esanik ez 35 urtera luzatzeko asmoak.
  6. Erretiro-adina ez luzatzea 65etik 67ra, eta erretiro aurreratua ez zigortzea.

Bestalde, argi daukagu pentsioen auziaren gakoa diru-sarreretan dagoela, ez gastuetan, eta pentsioak gure belaunaldirako eta etorkizunekoetarako bermatzeak enplegu gehiago eta hobea eskatzen duela, eta langileok gure lanarekin sortzen dugun aberastasuna ekitatez birbanatzea, hain zuzen ere.
Azkenik, gonbidapena luzatzen diegu herritar guztiei, erakunde sozial eta sindikalei, otsailaren 13an Kalegoen Plazatik 12:00etan irtengo den mobilizazioan parte har dezaten, pentsio publiko, duin, bidezko eta nahikoen alde elkarrekin borrokatzeko.